Lesakako Rimak Exkaxko taldeak irabazi du Bardoak 2012 txapelketa

TTIPI TTAPA 2012ko api. 17a, 13:12
Hiru talde finalistetako ordezkari guztiak. Nafarroako Bertsozale Elkartea

Giro ederra izan da Leitzan egin den final haundian

Bardoak 2012 Nafa­rroako Taldekako Ber­tso­lari Txapelketak mar­txoaren 31n Leitzan joka­tu zen finalarekin borobildu zuen bi hilabetetako ekimena. 500 bertsozale elkartu ziren Leitzako pilotalekuan hiru talde finalisten lanaz goza­tzeko eta hasiera hasieratik giro ezin hobea nagusitu zen.

Taula gainean ziren hiru taldeek, Lesakako Rimak Exkaxkok, Etxa­rri Aranazko Bilixkorrikok eta Oronoz/Malerrekako Erauntsik lan bikaina osatu zuten. Rimak Exkaxko taldeak irabazi zuen arren, parte hartzaile eta bertsozale guztien festa handia izan zen. Taula gainean bertsotan, bederatzi bertsolari; Rimak Exkaxko taldetik Iñigo Olaetxea, Estitxu Fernandez eta Eneko Fernandez. Bilixkorriko taldetik Eneko Lazkoz, Joseba Beltza eta Alain Iriar­te eta Erauntsi taldetik, Iker Gorosterrazu, Alazne Untxalo eta Amaia Elizagoien. Ber­tsolari beteranoak ba­tzuk, hasi berriak edo aspaldian bertsotan jardun ez direnak bertze ba­tzuk.

Taldeka egindako hasierako agurrek umorea izan zuten ardatz, dan­tza, antzerki, mozorro eta kantu ezagunen ber­tsioekin. Bertsolariek ez ezik, taldekide guztiek parte hartu zuten agu­rrean eta publikoak gogotik gozatu zuen. Ondotik egindako lanak ere txukun eta maila onean osatu zituzten bedera­tzi bertsolariek.

 

Lasarte gogoan

Saioa bukatzeko, be­rriz, duela gutti zendutako Manuel Lasarte bertsolari leitzarrari omenaldia egin zitzaion­. Leitzako bertso eskolako gaztetxoek eta Migel Mari Elosegi Leitzako ber­tso­lariak bertso bana kantatu zituzten eta ondotik, Jaione Olazabal Aresoko abeslariak Lasartek idatzitako pare bat bertso sorta kantatu zituen, bertsozaleen gozamenerako.

Jai giro ederrean eman zitzaion bukaera finalari, talde finalisten parte hartzaile guztiak taula gainera igo zirenean eta bederatzi ber­tso­lariek bukaerako agu­rrak kantatu zituztenean­.

Saioaren ondotik, bildutako bertsozaleekin triki poteoa egin zen Leitzan barrena eta eskoletako jantokian antolatu zen herri afariak eman zion amaiera Bardoak 2012 ekimenari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun