Lan erreformaren aurka martxoaren 29an deitutako greba ia erabatekoa izan zen eskualdean eta lan arlo guztiak geldiarazi zituen. Herriko Etxeetako udal bulego gehienak itxiak egon ziren, nahiz arlo publikoan derrigorrezkoak diren guttieneko zerbitzuak eskaini.
Industria-komertzioak
Bortzirietan kasik erabatekoa izan zen greba. Alco, Zalain, Funvera, Savera, Martiko eta Hidrorubber Iberica itxita egon ziren, Composites Gurean sekzio buruak izan ezik produkzio geldirik eta itxita. Arcelorren, «nagusi baten bisita dela eta mehatxuen bidez linea bat martxan jarri zuten txanda baterako 10 langileekin, baina gero erretena bertzerik ez zen gelditu», adierazi zute LABetik, baina Legasa eta Lesakako planten artean langileen %98ak greba egin zuen. Lantegien artean salbuespen bakarra Berako Palmadera izan zen, ELAren arabera.
Donezteben bi industrialdeak, Mendi Txuri lantegia barne, itxi zituzten. Aparan geldirik egon zen, baita Emauseko Trapuketariak ere eta Baztan-Bidasoa anbulantziak guttieneko zerbitzuak eskaini zituen. Doneztebeko komertzioak ere ia erabat itxia zituzten eta gainontzeko herrietan denda guztiak itxi zituzten.
Baztanen Marmoles del Baztan eta Harri Lan geldirik egon ziren, eta La Baztanesa autobusak guttieneko zerbitzuekin. Elizondoko dendak ere ia erabat itxiak egon ziren.
Leitzan ere itxita egon ziren Sarriopapel eta ia komertzio guztiak ere bai.
Irakaskuntza
Irakaskuntzan ere grebaren segida ia erabatekoa izan zen. Baztango herrietako eskoletan, irakasle guztiek greba egin zuten. Elizondoko eskolan irakasleen %93k greba egin zuen. Lanbide eskolan guttieneko zerbitzuak eskaini zituzten eta Lekarozen irakasleen %82ak eta ikasleek %99ak greba egin zuten.
Donezteben 36tik 30ek greba egin zuten. Bortzirietako ikastetxe publikoetan grebaren segida erabatekoa izan zen, guttieneko zerbitzuekin. Gauza bera gertatu zen ikastoletan ere. Berako Jesusen Bihotza eskolan lau irakaslek greba egin zuten, eta gainerakoan klaseak eman zituzten.
Leitza eta Goizuetako ikastetxeetan erabatekoa izan zen grebaren segida.
Mobilizazioak
Herriz herriko kontzentrazioez gain, manifestazioak egin ziren. 400 bat lagunek parte zuten eguerdian Beran egindako manifestazioan. Elizondokoan 500 bat lagun elkartu ziren eguerdian. Bietan Bertze eredu sozial bat posible da leloa zeraman pankartarekin ibili ziren. Arratsaldean, LAB, ELA eta EHNEk deituta eskualdeko manifestazioa egin zen Donezteben. 400 bat lagun bildu ziren, Erreforma eta inposaketarik ez, Euskal langileok greba orokorra zioen pankartaren gibelean. Leitzan, arratsaldeko manifestazioan 400 bat bildu ziren, Inposaketen aurrean burujabetza, euskal Herriak erreformari ez! zioen pankartarekin.