8-15 urteko neska-mutilen artean euskararen erabilpena sustatzeko asmoz, aurten ere Euskaraz Blai udalekuak antolatu dituzte Arantzako Aterpe eta Beintzako Ostatua aterpetxeek, Bertiz Partzuergo Turistikoarekin elkarlanean. Ekainaren 25etik irailaren 8ra bitarte hainbat eta hainbat gaztetxo etorriko dira bi herriotara.
Euskararen erabilpena sustatu bidenabar, gazteek esperientzia aberasgarria izatea. Horixe da Euskaraz Blai euskarazko udalekuen helburu nagusia eta horixe da Arantzako Aterpe eta Beintzako Ostatua aterpetxeek ekimen hau antolatuz 8-15 urte bitarteko gaztetxoei eskaini nahi dietena. Proiektuak 12 urte bete ditu aurten, eta agerikoa da erantzun ona izan duela. Horren lekuko dira zenbakiak: 2009an 900 gaztek parte hartu zuten udaleku hauetan, 2010ean –inongo dirulaguntzarik gabe– 600 gaztek eta joan den urtean 800ek baino gehiagok. Eta aurten ere iazko zenbakiari eustea espero dute. «Krisiaren mamua gainean dugula badakigu, inongo laguntzarik gabe gaude. Gure sektorea familiarra da, baina neurri batzuk hartuta, iazko zenbakiari eustea espero dugu. Baikorrak gara». Hala adierazi digute Mikel Albisu eta Xabier Zugarramurdik, Beintza eta Arantzako aterpetxeetako ordezkariek.
Ekaineko azken astean hasiko dute aurtengo ibilbidea bi aterpetxeek. Orduan etorriko baitira udako lehenbiziko gaztetxoak: «Ikasturtea bukatuta, udalekuen trena abiatzen da, aurten hamaika bagoik osatua», diote Albisuk eta Zugarramurdik, irailaren 8ra arte ia mila lagunendako hamaika aste eskainiko baitituzte. Prestaketak, aldiz, lehenagotik hasten dituzte: «horrelako trenak lokomotora ona behar du eta urte hasieran hasten gara: kanpaina prestatu, matrikulazioa, txandak antolatu... Makinista onak ere badira, dena behar». Nafarroakoak izaten dira Euskaraz Blai udalekuetan parte hartzen duten gehienak, proiektu hau abian paratu zuena Nafarroako Gobernua izan baitzen. Halere, 2010ean, Gobernuak proiektua bertan behera uztea erabaki zuen eta Arantza eta Beintzako aterpetxeak bere gain hartu zuten honi guztiari segida emateko ardura, Gobernuaren laguntzarik gabe. Azaldu digutenez, «gehienak Nafarroakoak dira, proiektua Nafarroan errotua baitzen: Iruñerria, Lizarraldea, Tafallaldea eta Erriberakoak. Baina iazko kanpainan Euskal Herri osotik somatu genituen eskaerak».
Udalekuetara etortzen direnen euskara mailan «alde haundia» dagoela erran digute Albisuk eta Zugarramurdik: «udalekuak A eta D ereduetan antolatzen direlako. A eredukoen kasuan, erdaldunak dira, euskararekin kontaktua eskolako ordu murritzetan dute. D eredukoen kasuan, euskaldunak izanik ere, erdarazko joera erakusten dute, beraien herrian horrela aritzen direlako». Egunerokoan euskaraz aritzeko dituzten oztopoak alde batera utzita, horretarako inguru aproposak dituzte Beintza eta Arantza.
Euskara trebatzeko aukera, ordea, ez da gaztetxoei eskaintzen zaien bakarra. Aterpe eta Beintzako Ostatuko arduradunen arabera, «esperientzia positibo bat eskaintzen zaie, hiru arlotan: lehenbizikoa elkarbizitza, lagun berriak ezagutu eta haiekin sei egun partekatzen dituztelako; bigarrena euskararena, hizkuntza eguneroko bizitzan erabiltzen dutelako (jolasetan, otorduetan...); eta hirugarrena, Arantza eta Beintza-Labaiengo herriek duten ingurumen zoragarriaz jardueren bidez gozatzeko aukera (mendia, kobazuloak, basoa...)».
Beraz, uda honetan ere ehunka lagun ikusiko ditugu bi herri hauetan eta eginen dituzten ateraldien bidez, ingurukoetan ere somatuko da mugimendua. Bi aterpetxeetan, berriz, egonaldietan gaztetxoak «gustura sentitzen» saiatuko dira. Albisu eta Zugarramurdiren irudiko, «garrantzitsuena» hori baita: «bakarrik etorri bada lagun berriak egitea, taldeka etorri badira lagun berriei zabaltzea...». Hortaz aparte, zera gehitu dute: «batzuetan arazoa etxean gelditzen da, gurasoek gaztetxoaren falta somatzen dute, batez ere, lehenbiziko esperientzia denean. Gurasoekin aurkezpen orokorra egiten dugunean gaia aztertzen dugu: esperientzia bientzat da, gaztetxoentzat eta gurasoentzat, zenbait kasutan zilbor hestea ez baita moztu oraindik eta lotura haundia da».
BERTIZ PARTZUERGO TURISTIKOAREN LAGUNTZAREKIN
Gobernuaren babesik gabe bada ere, proiektuarekin aitzinera
Euskaraz Blai udalekuen XII. edizioa da aurtengoa. Nafarroako Gobernuak lehenbiziko bederatzi edizioak antolatu zituen, baita diruz lagundu ere. Baina 2010ean proiektua bertan behera utzi zuen, aurrekontuetatik horretarako bideratua zegoen diru partida kenduz. Gerora, 2011n dirulaguntza lortu zuten Aterpek eta Beintzako Ostatuak, baina ez euskara sustatzeko proiektua zelako, proiektu turistiko gisa bideratu zutelakoz baizik.
Nafarroako Gobernuak ekimena alde batera utzi zuenean, Arantza eta Beintzako aterpetxeek euren gain hartu zuten Euskaraz Blai udalekuak antolatzeko lana. Arantzako Aterpe hasieratik egon da proiektuarekin inplikatua eta Beintzakoak azken urteotan egina zuen bat. Batek zein bertzeak «Nafarroako gizartean proiektuaren beharra agerikoa» zela pentsatzen zuten: «kontuan hartu hainbat gaztek euskararekin duten harreman bakarra eskolan dela. Udan ez badute euskararekin inongo harremanik, etorkizuneko zein belaunaldi prestatzen ari gara?». Hortaz, Gobernuaren laguntzarik gabe ere, aitzinera egitea erabaki zuten, «neurri haundi batean, militantziako erabakia izan zen», diote Zugarramurdik eta Albisuk. Bide horretan, Bertiz Partzuergo Turistikoarengana jo zuten laguntza logistiko eske, eta Partzuergoak laguntza eskaini zien. Hitzarmen bat egin eta geroztik elkarlanean ari dira. «Eskualdeko proiektuak garatzeko tresna egokia da Partzuergoa, proiektua ulertu du eta inplikatu egin da», iritzi diote. Partzuergoari ez ezik, euskara teknikariei, Sortzen elkarteari eta Euskal Herri mailako euskara taldeei ere eskerrak eman nahi izan dizkiete, «trena abian jartzeko bultzadan lagundu eta inplikatzeagaik».
PROIEKTUAREN BEHARRA
«Nafarroako gizartean proiektuaren beharra agerikoa zen. Kontuan hartu hainbat gaztek euskararekin duten harreman bakarra eskolan dela. Proiektuarekin segitzea neurri batean militantziako erabakia izan zen»
Xabier ZUGARRAMURDI eta Mikel ALBISU Arantzako Aterpe eta Beintzako Ostatua aterpetxeak