Kalitateko produktuak aurkitzea zaila zela ikusita, horretan hastea erabaki zuen Josune Zamorak 2002an, baratze ekologikoa landuz. Baratze ekologikoa egiten zuten Igeldoko baserri batean hasi zen ikasten, eta aldi berean, Fraisoro nekazaritza-eskolan ikastaroak egiten. Bi urteren buruan, bere baratze ekologikoa lantzen hasi zen eta gaur egun, horixe du lanbide. Baserrian, azokan eta kontsumo taldean saltzen ditu bere barazki ekologikoak. Duela gutti baratze ekologikoaz ikastaroa eman du Arantzan, eta laster, Beran eginen du.
Zein dira baratze ekologikoa lantzeko oinarrizko printzipioak?
Baratze ekologikoaren helburua lurraren emankortasuna zaintzea eta ahal bada, handitzea. Lurra osasuntsu izatea nahi dugu, lurrari jaten eman eta gero, landarea jartzen dugunean, lurrak berak eta bertako zomorroek landareari behar dutena ematea. Erabiltzen ditugun gauzak naturatik datozen substantziak dira, ezin dugu gai kimiko-sintetikorik erabili. Ongarria gorotzarekin egiten dugu, eta horrez gain, rotazioak edo txandaketak egiten ditugu, hau da, lursail batean laboreak aldatzen joaten gara, toki berean beti ez gauza berak landatuz. Elkartzeak edo asoziazioak ere egiten ditugu. Azenarioak jartzerakoan, adibidez, ondoan tipula jartzen dugu, tipularen usainak azenarioa kaltetzen duen eltxoa uxatzen duelako.
Eltxo eta izurriteekin zer egin daiteke?
Gaixotasunak eta izurriteak etortzen badira, badago zerekin tratatu, baina beti ere, naturatik etorria behar du produktuak. Baina gure helburua dena orekan egotea da. Dena zaintzen badugu, izurriteak ez dira hain handiak. Gerta daiteke eguraldiagatik onddoak sortzea edo zorriak etortzea, baina ez dute kalte handi-handirik egingo eta etortzen direnerako badira zerekin tratatu. Izurrite bat etortzen denean, eguraldiagatik edo guk egin dugun zerbaitegatik ote den galdetu behar diogu gure buruari, lurra gaizki landu dugulako edota gehiegi ongarritu edo ureztatu dugulako izan daitekeelako.
Gaur egun zein da baserrietako joera?
Nik uste dut denak ahalik eta gai kimiko gutxien botatzen saiatzen direla. Baina ekologikoa izatea hori baino gehiago da, erakundeek kontrolatutako neurriak bete behar direlako. Euskal Autonomia Erkidegoan Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak kontrolatzen du, lurra eta landareak aztertzen dituzte, zein eta zenbat gorotz erabili eta bota den... Kontrol neurri horiengatik dira gure produktuak ekologikoak. Nafarroan Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak kontrolatzen du.
Baratze ekologikoa egitea garestiagoa da?
Bai. Batetik, hazi ekologikoak ohikoak baino garestiagoak dira. Eta bestetik, baratze ekologikoak lanordu gehiago eskatzen du. Belar txarrak aitzurraz edo eskuz kentzen ditugu, herbizidarik gabe. Prebentzio lan gehiago egin behar da eta lanordu gehiago dira.
Ilargiaren arabera, nola lan egiten duzue?
Egutegi biodinamikoari egiten diogu kasu. Ilargia ilgora edo ilbehera izateari baino gehiago begiratzen diogu ilargia lurretik urrunago edo hurbilago dagoen. Baina lurra da garrantzitsuena, lurra ondo baldin badago begiratuko diogu ilargiari.
Kontsumitzaileak produktu ekologikoenganako gero eta interes handiagoa du...
Bai, hala da. Duela urte batzuk jendeak ezagutzen zituen, baina ez hainbeste. Orain eskaera gero eta handiagoa da eta gehiago egingo balira, gehiago salduko lirateke. Azken boladan gazteetan minbizia eta infertilidade kasu gehiago entzuten dira eta elikadurarekin zerikusia dutela ondorioztatu da. Gainera, orain arte, naturari bizkarra emanda egin ditugu gauzak eta hori ezin dela konturatzen ari gara. Bi arrazoi horiengatik ekologikoenganako interes handiagoa du jendeak.
Nola ikusten duzu baratzegintza ekologikoaren etorkizuna?
Nekazaritzaren etorkizuna da. Diru gutxi eta lan asko ematen du, baina satisfazioa handia da. Ea animatzen den jendea.
EKOLOGIKOA NOLA?
«Ongarria gorotzarekin egiten dugu, eta horrez gain, rotazioak edo txandaketak ere egiten ditugu, hau da, lursail batean laboreak aldatzen joaten gara, toki berean beti ez gauza bera landatuz. Elkartzeak edo asoziazioak ere egiten ditugu. Azenarioak jartzerakoan, adibidez, ondoan tipula jartzen dugu, tipularen usainak azenarioa kaltetzen duen eltxoa uxatzen duelako»