Xaloa Telebista, Xorroxin Irratia eta TTIPI-TTAPAren aldeko mus txapelketaren finala apirilaren 14an, larunbat arratsaldeko 16:00etatik aitzinera jokatu zen Sunbillako Ulibeltzak elkartean. 22 bikote aritu ziren azken saioan eta final handian, Berako Asier Saraguetak eta Patxiku Artiedak lortu zuten txapela, Arantzako Antton Maiz eta Lourdes Goñi senar emazteei irabazita. Ikusi bideoa
Xaloa Telebista, Xorroxin Irratia eta TTIPI-TTAPAren aldeko mus txapelketaren finala apirilaren 14an, larunbat arratsaldeko 16:00etatik aitzinera jokatu zen Sunbillako Ulibeltzak elkartean. 22 bikote aritu ziren azken saioan eta final handian, Berako Asier Saraguetak eta Patxiku Artiedak lortu zuten txapela, Arantzako Antton Maiz eta Lourdes Goñi senar emazteei irabazita.
Herriz herri jokatu diren txapelketetan 198 bikotek eman dute izena eta hortaz, 4.000 euro lortu dira Xorroxin Irratia, Xaloa Telebista eta Ttipi-Ttaparendako. Hiru komunikabideen izenean eskerrak eman behar dizkiogu partehartzaileei, baita antolaketan eta sarietan lagundu duten eskualdeko hainbat elkarteri ere.
Almandozen, 16 bikoterekin eta Sunbillan, 15 bikoterekin, jokatu ziren txapelketarik jendetsuenak. Herriz herri jokatutako txapelketa horietako txapeldunek zuten hitzordua larunbatean Sunbillan, 22 bikote denera. Herri bakoitzetik, beraz, bikote bana izan zen. Antolatzaileek hala erabakita, finala antolatzen laguntza handia eskaini duen Sunbillako Ulibeltzak elkarteko bi bikote izan ziren txapeldunak eta azpitxapeldunak. Elizondotik ere bi bikote etorri ziren, Erlategiko txapelketan aritutako Aitor eta Iban Ruiz de Larrinaga eta Falfarak elkarteko Angel Telletxea eta Iñaki Telletxea aita-semeak. Zugarramurdiko bikoterik, aldiz, ez zen izan.
Kontuak kontu, jokoan sartu eta final laurdenetarako txartela lortu zuten Bera, Aniz, Arantza, Almandoz, Zubieta, Elizondoko Falfarak, Sunbilla eta Oronozko bikoteek. Final laurden horietan, Berako Asier Saragueta eta Patxiku Artiedak irabazi egin zioten Anizko bikoteari; Arantzako Antton Maiz eta Lourdes Goñik ere irabazi egin zieten Almandozko Lorenzo eta Jose Luis Oskozi; Elizondoko Falfarak taldeko Angel eta Iñaki Telletxeak ere garaipena lortu zuten Zubietako Txomin Ugalde eta Hilario Mutuberriaren kontra eta Sunbillako Jose Miguel Galain eta Jose Luis Agirrek menpean hartu zituzten Oronozko Jose Altxu eta Joxemi Arizmendi.
Finalerdietan, Arantzako Antton Maiz eta Lourdes Goñi senar-emazteek irabazi egin zieten Sunbillako Jose Miguel eta Jose Luis-i eta Berako Saraguetak eta Artiedak bertze horrenbertze egin zuen Elizondoko Telletxea aita-semeekin.
Final handian, Berako Asier Saraguetak eta Patxiku Artiedak lortu zuten garaipena eta Antton Maiz eta Lourdes Goñi azpi-txapeldun izan ziren.
Txapeldunendako txapela eta trofeoaz gain, eskualdeko produktuekin osatutako saskia izan zen, 300 eurotan baloratua. Azpitxapeldunek ere eskualdeko produktuekin osatutako saskia lortu zuten, 200 eurotan baloratua, hirugarren izan ziren Sunbillako Jose Miguel Galain eta Jose Luis Agirrek hiruna botil sagardo etxeratu zuten eta laugarren izan ziren Angel eta Iñaki Telletxeak bina botila sagardo.