Heldu den ortzegunean, apirilak 19, bukatuko da Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketan izena emateko epea. Interesatuek Nafarroako Herri Kirol Federaziora deitu (948 450900) edo idatzi behar dute (info@herrikirolaknafarroa.org).
Lau kategoriatan ariko dira lehian. Gizonezkoak 320 eta 300 kiloko mailatan ariko dira eta bina jardunaldi jokatuko dituzte. Kadeteak 290 kilokoan ariko dira eta lau jardunaldi eginen dituzte eta emakumezkoak 260 kilokoan ariko dira eta hiru jardunaldi eginen dituzte.
Egutegia
Txapelketa maiatzaren 5ean hasiko da eta orduan jokatuko dira gizonezkoen 320 kilokoen eta kadeteen 290 kilokoen lehenbiziko jardunaldiak. Maiatzaren 13an 320 kilokoen eta kadeteen bigarren eta emakumezkoen lehenbiziko jardunaldiak jokatuko dira. Maiatzaren 19an gizonezkoen 300 kilokoen lehenbiziko jardunaldia, emakumezkoen bigarrena eta kadeteen hirugarrena jokatuko dira. Maiatzaren 27an, azkenik, gizonezkoen 300 kilokoen bigarren jardunaldia, emakumezkoen hirugarrena eta kadeteen laugarrena jokatuko dira.