Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza jaitsi ondotik, antolatzaileek Euskal Herriko Itzulia arriskuan zegoela adierazi zuten, baina aurten behintzat egitea erabaki dute. Astelehen honetan, apirilak 2, abiatzekoa zen Euskal Herriko 52. Itzulia eta sei etapa izanen ditu. Eskualdetik ere pasatuko da, laugarren eta bosgarren etapak Beran bukatu eta hasiko baitira.
Apirilaren 5ean, Ortzegun Santu egunean, Eibartik abiatuko da laugarren etapa eta txirrindulariak Oiartzundik pasatuz, Aritxulegi eta Agiñatik barna pasako dira. Handik Lesakara jautsiko dira eta Berarako bidea hartuko dute gero. Behin Berara ailegatuta, Ibardin alderako bidea hartuko dute. Handik Azkainera joanen dira eta gero Sarara. Saratik berriz Berarantz eginen dute eta gero Ibardinera. Hemen bukatuko da 151 kilometroko etapa. Eskualdean barna eginen dute ibilbidean, lehenbiziko (Ibardin) eta bigarren mailako (Aritxulegi, Agiña eta Ibardin) mendateak pasatuko dituzte.
Apirilaren 6an, Beratik abiatuko da Euskal Herriko Itzuliko bosgarren etapa. Beratik Irun aldera joanen dira txirrindulariak eta gero, Oiartzunera joanen dira, 183 kilometroko ibilbidea Oñatik bukatzeko.
Errepide mozketak
Euskal Herriko Txirrindularitza Itzulia dela eta, Berako Udaletik jakinarazi nahi izan dute Beran errepide mozketa hauek eginen direla:
Ortzeguna, apirilak 5
Ibardingo errepidea 15:30ean itxiko da (Ibardin autoz betetzen bada, lehenago ere moztu ahal izanen da).
Ortziralea, apirilak 6
10:45ean Altzateko karrika erabat itxiko da, eta Ibardinerako biderako ez da alternatibarik izanen lasterketa atera bitartean.
Modu berean, bi egun horietan Jamoteneako aparkalekuan eta Altzateko plazan autoak uztea erabat debekatua egonen dela jakinarazi du Udalak, eta beratarrei, ahal dela, autoa etxean uztea eskatzen zaie.