Gero eta gutiago falta da berriz ere giro paregabeaz gozatzeko Euskal Herriko aintzira ederrenean, erran nahi baita hogoita bederatzigarren Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko besta ospatzeko Ortzango errekaren bazterrean. Gan den urtean bezala, aurtengo irabaziekin Kanbon dagoen Xalbador ikastegia lagunduko dute. Duela hiru harmarkada Herri Urrats sortu zen ikastegi hori diruz laguntzeko, eta geroztik ehunka gazte pasatu dira eskola horretatik, horien artean senpertar andana. Gaurko egunean, 11 eta 15 urte arteko 250 ikasle ditu bigarren hezkuntza eskaintzen duen ikastetxe hunek. Ikastegi historikoa da Seaskaren bigarren maila hor hasi baitzen eta euskararen hedapenak aro berria bizi baitu Kanboko eskolan. Orain bortz milioi eta erdi euroko lanak egin behar dituzte. Iparraldeko erakunde publikoek erdia ordainduko dutela hitz eman dute bainan gainerakoa euskaltzaleen esku gelditu baita, aurten ere denen beharra izanen du Herri Urratsek.
Lehen aldikoz, La Troba Kung Fu Kataluniako taldeak egin du musika. Elkartuz zabaldu lelopean ospatuko den besta haundian parte hartuko dute eta beren ondoan agertuko dira Zarama, Su ta Gar, Gose eta Bidaia taldeak, eta Anje Dualde.
Dena den, Herri Urrats musika jaialdia baino gehiago da, beharrezkoa baita euskarazko murgiltze irakaskuntza eredu bakarra laguntzeko euskarak oraindik inolako ezagutzarik ez duen lurraldean.