Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Zubieta eta Oiz aldean historiaurreko bi monumentu berri eta bertze bat zalantzagarria aurkitu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Hilharriak taldeko kidea den Iñigo Txintxurretak. Oraindik aurkitu gabeko monumentuak bazeudela pentsatzen zutelako jo zuen Aintzingurutze-Ameztia ingurura, «orain arte monumentu bakarra ezagutzen zelako aipatu zonaldean, hain zuzen, Francisco Ondarrak 1980an aurkitu zuen Ameztia trikuharria», adierazi du Txintxurretak.
Aurkitu diren megalitoak Ameztia trikuharriaren ezaugarri antzekoak dituzte, Txintxurretaren arabera: «kasu guztietan tumulu haundia daukate, balizko ganbara desagertu den zologunea agertuz».
Ikerkuntza berriak hiru tumulu dira. Horietako bat Arranburu tumulua da, 18 metroko diametroa eta 1,50 metroko altuera duena. Zologunearen barrenean Doneztebe, Elgorriaga eta Iturenen arteko mugarria dago.
Arrataburu tumulua da bertzea, Zubietan aurkitua, 10 metroko diametroa eta metro bateko altuera duena. «Erdiko zologune leuna ageri dela» ere jakinarazi du Aranzadikoak.
Arruki tumulua Oizen ikusi du Txintxurretak eta 14 metroko diametroa eta metro bateko altuera du. Larre baten barrenean omen dago, belar eta lurrez estalia.
Guztiak aurtengo martxoan egindako aurkikuntzak dira.