Dena prest dago ortziraletik igandera ospatuko den Gazte Martxarako

TTIPI TTAPA 2012ko apirilaren 4a

Gazteak Lesakan egin zen aurkezpenean. Artxiboko argazkia

Ortziralean Saran hasiko dira ekitaldiak eta larunbatean Lesakan segituko dute

Egun gutti barru emanen zaio hasiera Jalgi Hadi Garaipenera gazte mugimenduak antolatu duen Gazte Martxari. Sara eta Lesaka artean eginen da eta egitaraua ere prest dute.

Egun gutti barru emanen zaio hasiera Jalgi Hadi Garaipenera gazte mugimenduak antolatu duen Gazte Martxari. Sara eta Lesaka artean eginen da eta egitaraua ere prest dute.

Apirilaren 6an, ortziral arratsaldeko 15:00etan Sarara ailegatuko dira gazteak eta bertan akanpatu. 16:30ean animazioa izanen da herriko karriketan: dantzariak, gaiteroak, joaldunak, ziganteak... 19:00etan harrera ekitaldia plazan. 22:00etan bertso guda. Eta horrez gain, hiru gune egonen dira Saran: Mintza, Dantza eta Jalgi guneak.

Mintza gunean, kalaka eta sorkuntzarako aukera izanen da karpan. Kaleko graffitila­rien tailerra eta sorkun­tza proiekzioak eginen dira. Gisa berean, 17:30ean mahai-inguru irekia eginen da Feminista naiz eta zergatik? izenburupean. 19:30ean solasaldia izanen da gazteok euskal identitate kulturala eraikitzen gaia­ren inguruan.

Dantza gunean, gazte musika taldeak ariko dira plazan. 17:30etik aitzinera, Kasu, Tooth, Hurmurao eta Herri Oihuarekin kontzertuak izanen dira.

Jalgi gunean, azkenik, ekintza eta algararako aukera izanen da kiroldegian. 17:30ean jokoak izanen dira: zirikatu, astindu, bilatu, lortu, asmatu... Eta 19:30ean eraiki gazteluaren txanda izanen da: kutxak zintzilikatuta pila­tzea izanen da kontua.

 

Larunbatean Saratik Lesakara, Beran barna

Apirilaren 7an, larunbat goizeko 07:30ean ernatu eta 09:00etan abiatuko da martxa. Mendian hamaiketakoa izanen dute eta bidetik ekimena eginen dute. 14:00etan Beran bazkaldu ondotik, 18:30ean Lesakara ailegatu eta bertan akanpatuko dute. 19:30ean Maskarrada eta Zpeiz Mukaki taldeak ariko dira 21:00etan gazte ekitaldia eginen da.

22:00etan Gaubela, Skatu, Governors, Wi­llis Drummond eta Anai Arrebak taldeekin kontzertuak izanen dira Zambrako atarian paratu den karpan. Bonorik gabe daudenek sarrerak hamar eurotan erosteko aukera izanen dute Lesakan.

Eta igandean Independentistak Sareak deituta Iruñean ospatuko den Aberri Egunera joateko deia egin dute Jalgi Hadi Garaipenera ekimeneko gazteek.

Goizeko 08:00etan Goienetxe triki eta Sound Systemen doinuekin espabilatu eta 09:00etan gosaldu ondotik, autobusak abiatuko dira Iruñera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun