Urtarrilean eta otsailean Joxe Etxeberria izan zen koadroko erremontelaririk onena, Oriamendi enpresak egindako rankingaren arabera. Martxoan, bertze doneztebar batek hartu dio lekukoa, Xanti Uterga aurrelariak.
Utergak bigarren aldiz lortu du koadroko erremontelaririk onena izatea, 2010eko abenduan ere halaxe izendatu baitzuten. Doneztebeko aurrelari bizkor eta errematatzaileak martxoan jokatutako bortz partidetatik lau irabazi ditu, nahiz eta galdutako partida bakar horrek Sagardoaren Txapelketatik kanpo utzi zuen. Guzira 37,6 puntu lortu ditu eta puntu bat baino gehixeago atera dio bigarren izan den eta Sagardoaren txapelarekin borobildu duen hilabete bikaina izan duen Julen San Migueli (36,29). Julenek zazpi partidetatik bortz irabazi ditu martxoan. Ion izan da hirugarrena A multzoan.
B multzoan berriz, bortz partidetatik bortz irabazi dituen Etxabe II izan da onena, Juanmartiñena eta Etxeberria IV.aren aitzinetik.