Azkeneko zortzi hilabetetako goitirako joera gelditu eta 28 langabetu guttiago zeuden eskualdean martxo hondarrean. Zehazki, 1.288 lagunek emana zuten izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan, otsailean baino 28 guttiagok.
%2,13ko jautsiera hau Nafarroako jautsieraren banaz bertzekotik (-%0,75) goiti dago, eta Nafarroa osoko bulegoen artean, Altsasun bakarrik jautsi da gehiago langabezia.
Martxoan 264 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegun Bulegoaren bitartez, horietatik 45 bakarrik mugagabeak.
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 596tik 574ra jautsi da langabetu kopurua martxoan, eta adin tarte horretako emakumeen artean 569tik 565era. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean, aldiz 85etik 87ra igo da langabetu kopurua eta adin tarte horretako emakumeetan, aldiz, 66tik 62ra jautsi da.
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten baina martxoan 812tik 787ra jautsi da langabetu kopurua. Industria arloan ere 252tik 238ra jautsi da langabezia daudenen kopurua. Eraikuntzan, aldiz, 163tik 174ra igo da. Nekazaritzan berdin mantentzen da, 34 langabeturekin eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean ere 55 lagun daude langabezian, otsailean bezalaxe.