111 lagun hartzeko tokia duen zahar etxe berria zabaldu dute Saran

Gurutze PIKABEA 2012ko api. 3a, 16:34

Joan den otsailean estreinatu zuten Sarako zahar etxe berria. TTIPI TTAPA

9,2 milioi euro gosta da obra egitea

2010eko urrian hasi ziren Sarako zahar etxe berriaren upatzen eta aurtengo urtarrilean bukatu dute. 64 Habitat Bulego erakundeak egin du zahar etxea eta EHPAD erakundeak errentan hartu dio. Zahar etxeak funtzio publikoa du eta kudeaketaz arduratzeko zuzendari bat du, baita Administrazio Kontseilua ere. Honen lehendakaria Battitt Laborde Sarako auzapeza da.

 

Sarako plazatik me­tro gutti batzuetara, duela urte batzuk arte Herriko Etxearen depota edo gordailua zen lekuan eta lorategiz ingu­ratuta. Han­txe dago Jean­ Dithurbide Sarako­ zahar etxe berria. Banakako logelekin, 111 lagunendako prestatua dago, eta 60-90 langile ari dira lanean.

Duela ez aspaldi arte­ Sarako zahar etxea izan dena be­rritu beharrean, be­rria egitea hobeki zela iritzi zion Herri­ko Kon­tsei­­luko ai­tzineko tal­deak. Eta orain­­goak eman dio forma. Duela bi urte ingu­ru hasi ziren zahar etxe berriaren upa­tzen, 2010eko ­urrian, eta aurtengo urta­rrilean bukatu dute.

Sar­tzerako orduan, Sarako adinekoek dute lehentasuna, baina ingu­ruko herrietakoen­tza­ko ere zabalik ditu ateak, izan Hego Euskal Herrikoak edo izan Ipar Euskal Herrikoak. Horixe azpimarratu digu Battitt Laborde Sarako auzapezak.

Zahar etxe berria egin duena 64 Habitat Bulego erakundea izan da eta irabazi asmorik gabeko EHPAD erakundeak (Dependentzian diren Adin Zaharrekoen­ Aterpetze Egitura) erren­tan hartu dio. Zahar etxeak funtzio publikoa du eta kudeaketaz ardu­ratzeko zuzendari bat du, baita Administrazio Kontseilua ere eta honen lehendakaria Sarako auzapeza bera da. «Zahar etxea zinez publikoa da eta Herriko Kon­tseiluak interes haundia du zahar ­etxean», dio Labordek.

9.249.813 euro gosta da zahar etxe berria egitea. Horietatik 1.690.000 euro Kon­tsei­lu Orokorrak bideratu ditu; Frantziako estatuak 1.684.000 euro; zahar etxeak berak milioi eta erdi euro jarri ditu eta 64 Habitat Bulego erakundeak 4.624.000 euro.­­

Logelak, komunak, jantokiak, pasabideak, ­ateak, lorategia... Dena zaharren beharretara egokitu dute, eta langileen txokoak ere –sukaldea, biltegiak, lixatze­ko tokia...– teknologia­rik be­rrienekin horni­tu dituzte. Hiru solairutan ba­natuak daude logelak, argitsuak eta kolore biziekin apain­duak, eta Hegoa, Ipa­rra, Akoka eta Axuria izenekin multzoka bana­tuta daude. Hortaz aparte, aipatzekoa da Alzheime­rra dutenendako apar­teko unitatea egin dutela, 14 logelekin.

Zahar etxe zaha­rra ere erabilgarri izatea nahi du Herriko Kontseiluak eta hautetsiek badute horrekin egitasmo bat esku­ artean: «ai­tzineko udal taldeak zahar etxe zaha­rra promotore pribatu bati saldu zion. Gure taldean, ordea, herriaren gain hartu behar genuela pen­tsa­tzen genuen eta erosi egin genuen. Orain, hor etxebizitzak, osasun zer­bi­tzuen gunea, liburute­gi­ berria... egin nahi dira».

 

Jean Dithurbideren filosofia gogoan

Historia luzea du zahar etxeak Saran. Gaur egun gaztetxea dena izan zen Sarako lehenbiziko zahar etxea. 1883an Sarako auzapez izan zen Jean Di­thur­bide medikuak eraikin hori eta bere ondasunak herriari eman ziz­kion, «herriak adineko jendearentzat zahar etxea egiteko, Sarako jendearentzat eta Saran bizi eta sortua zen jendearentzat», azaldu digu Labordek. Eta orain arte zahar etxea izan dena, 1964an egin zen, hutsetik hasita. Gerora, 1980. hamarkadan haunditu egin zen.

Eta estreinatu berria den zahar etxeari Jean Dithurbideren izena ematearen arrazoia, «bera omen­­­tzeko eta bere filo­sofiarekin segitzeko» izan da.

 

ESKUALDEKO ZAHAR ETXEAK

BERAKO SAN JOSE ZAHAR ETXEA

Mende bat baino gehiagoko historia du Berako zahar etxeak

• 40 plaza ditu eta ber­tze bi Karitatearen Ahizpenda­ko gordeak. Gobernuarekin 14 plaza ditu hitzartuak­.

• Egun, 27 beratarrak dira –lehentasuna dute–, Bor­tzirietako 5, Male­rrekako 2, nafar 1 eta Irungo 6.

• Zahar Etxeak fundazioa gisa 1900az ge­roz­­tik fun­tzio­natzen du, baina badira 1883­ko erregistroak.

• Pribatua da eta kudeaketa alkateak, alka­teor­deak­ eta apaizak osatutako­ patronatuaren esku dago.

• Udalak dirulaguntza urtero ematen du. Gobernuak­ iaz plaza publikoetan guztiaren %20 eman zuen; pribatuetan %1.8, aurten murriztuko duena. Gober­nuak ateratzen dituen laguntzak (erreabilitaziorako­, inbertsioetarako,...) gero eta exkaxagoak dira. Zenbait partikular eta komertziok ere laguntzen dute, ekonomi­koki eta produktuekin data bere­zietan.


LESAKAKO ANDRA MARI ZAHAR ETXEA

40 lagunendako tokia du Lesakako zahar etxeak

• 40 lagunentzako tokia du Lesakako Andra Mari zahar etxeak.

• Bortziriak, Malerreka, Baztan eta Gipuz­koako adinekoak daude zahar etxe honetan.

• Aspalditik dago zahar etxea Lesakan, baina 1998az geroztik gaur egungo eraikinean­.

• Kudeaketa Zahar Etxeko Batzarrak egiten­ du: alkateak –presidentea–, hiru zinegotzik, hiru herritarrek eta Parrokiako batek osatua.

• Udalak urtero ematen dio dirua zahar etxeari eta Nafarroako Gobernuak 40 plazetatik 19 kontzertatu ditu. Baina plaza­ kontzertatu horietako adinekoek aurten gehiago ordaindu behar­ du­­tela adierazi digute zahar etxean. Gainerako plazei Batza­rrak prezioa ez igotzea erabaki du.


ELIZONDOKO FCO. JOAKIN IRIARTE ZAHAR ETXEA

151 plazetatik %80 Baztango jendearekin

• 151 lagunendako tokia du Elizondoko Francisco Joakin Iriarte zahar etxeak.

• Adinekoen %80 Baztangoa da, %15 Bortzi­riak eta Malerreka aldekoa eta gainerakoa eskualdetik kanpokoa.

• 1982an inauguratu zen zahar etxe hau. Baina orain 150 urte miserikordia etxea zen.

• 2009ko uztailaz geroztik, IDEA Innovación y Desarrollo Asistencial S.L enpresak­ kudeatzen du zahar etxea. Hortik aparte, patronatu bat ere badago, bailarako alkateak eta herrietako eta pa­rrokietako ordezkariek osatua.

• 151 plaza horietatik 30 Nafarroako Gobernuak kontzertatutakoak dira. Hori da Gobernuak ematen duen dirulaguntza.


BETELUKO AMMA ZAHAR ETXEA

Betelu aldea, Leitzaldea eta Tolosal­dearen zerbitzura

• 45 lagun hartzeko prestatua dago Beteluko Amma­ zahar etxea, banakako eta binakako 15na logelekin.

• Gure eskualdetik, Leitzaldeko eta Male­rrekako jendea dago zahar etxe honetan. Horrez gain, Be­telu inguruko adinekoa ere badago eta Tolosaldetik ere adineko aunitz joaten da.

• Bi urteko obren ondotik, 2004ko apirilaren 27an zabaldu zuten zahar etxea Betelun. Aurten zor­tzigarren urteurrena ospatuko dute.

• Zahar etxea pribatua bada ere, adinekoen ia erdiek­ prestazio publikoa jasotzen dute­ kuo­ta or­daindu ahal izateko. Estatu osoan­ 29 zahar etxe­ren­­ gestioa daraman Amma taldeak kudea­tzen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun