Martxoaren 31n, larunbatean Galarretan jokatuko den II. Sagardoaren erremonte txapelketaren finalerako pilotak aukeratu dituzte ortziral eguerdian bi bikote finalistek Oñatz eta Julen San Miguelek eta iazko txapeldunek, Juaristi eta Patxi Olazarrek. Azken hauek Etxeberria IV eta Etxeberria IIIari 40-29 irabazi zieten asteazkenean Galarretan jokatutako finalerdian.
Iazko txapeldunek txapelketako partida guziak irabazi dituzte aurten, baina finalean ez dagoela faboritorik adierazi dute, «baina beraiek aukera gehiago dituzte, San Miguel jokoarekin baitago».
Oñatz eta San Miguelek iazko txapeldunek ez errepikatzea nahi dute eta horretarako, gisa honetako final batean lehen aldiz sartu den Oñatzen urduritasuna lasaitzea izanen omen da gakoa. Beraz, gibeleko koadroetan, Doneztebeko bi atzelari izanen dira aurrez aurre.
Martxoaren 31ko Galarretako jaialdia
Sagardoaren txapelketako finala martxoaren 31n, larunbat arratsaldeko 16:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partida izanen da. Lehenbizikoan, Matxin VI eta Saldias, Urrutia II eta Zubizarretaren kontra ariko dira. Finalaren ondotik, hirugarren partidan, Zeberio II eta Etxeberria IV, Urriza eta Urkoren kontra ariko dira eta laugarrenean, Etxabe II eta Ion, Matxin III eta Aizpurua II.aren kontra.