Dena prest Bardoak 2012ko Leitzako finalerako

TTIPI TTAPA 2012ko mar. 30a, 12:53

Erauntsi taldea izanen da finaleko gazteena. Alazne Untxalo (Ituren), Amaia Elizagoien (Oronoz Mugairi) eta Iker Gorosterrazu ariko dira. Nafarroako Bertsozale Elkartea

Martxoaren 31n, larunbat arratsaldeko 17:00etan hasiko da Amazabal pilotalekuan

Urtarrilaren 27an abiatu zen Bardoak 2012, hamazazpi talderekin, ehundik gora parte-hartzailerekin. Orain artean 23 saio izan ditu Nafarroako taldekako txapelketak eta Leitzako finalak borobilduko du talde guztiek egin duten lan bikaina. Beste behin ere, hitzordu hori bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izanen da.

Urtarrilaren 27an abiatu zen Bardoak 2012, hamazazpi talderekin, ehundik gora parte-hartzailerekin. Orain artean 23 saio izan ditu Nafarroako taldekako txapelketak eta Leitzako finalak borobilduko du talde guztiek egin duten lan bikaina. Beste behin ere, hitzordu hori bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izanen da.

Dagoeneko dena prest da martxoaren 31n Leitzan eginen den Bardoak 2012ko finalerako. Saioa arratsaldeko 17etan hasiko da herriko pilotalekuan, ateak ordu erdi lehenago zabalduko dira. Taula gainean finalerako txartela lortu duten hiru taldeak arituko dira: Oronoz-Malerrekako Erauntsi, Lesakako Rimak Exkaxko eta Etxarriko Bilixkorriko.

Erauntsi taldea da hiruren artean gazteena, Iker Gorosterrazu, Amaia Elizagoien eta Alazne Untxalo dira bertsolariak. Elizagoien izanen da finaleko bertsolaririk gazteena, 17 urterekin. Rimak Exkaxko taldean, berriz, Iñigo Olaetxea bertsolari eskarmentuduna, aspaldian plazak utziak zituen Estitxu Fernandez eta haiekin batera Eneko Fernandez. Azkenik, etxarriarren taldean, Eneko Lazkoz, Joseba Beltza eta Alain Iriarte dira bertsolariak.

Finala aurkezten hiru taldeetako aurkezle-gaijartzaileak arituko dira: Erauntsiko Maialen Kamino, Rimak Exkaxkoko Imanol Lopez eta Bilixkorrikoko Jon Arratibel.

Saioari hasiera emateko, Leitza ordezkatu duten Leitzaundi eta Leitza ta leitzarrak taldeek ongi etorriko agurra eginen diete entzuleei. Horren ostean, saioa hasi eta egin beharreko lanei ekin beharko diete bederatzi bertsolariek. Txapelketa osoan gertatu den bezala, egitura eta lanak bereziak izanen dira, txapelketaren izpiritua talde lanean oinarritzen baita, taldekideen artean banatuak daude. Horrez gain, ez da ohikoa hiru talde eta bederatzi bertsolari saio berean ikustea, horrek ere berezi eginen du Leitzako finala.

 

Finalean egin beharreko lanak honakoak dira:

Hasierako agurrak taldeka

8ko handian binaka gaia emanda hiruna bertso (Bi talde)

8ko txikian binaka ofizioka hiruna bertso (Bi talde)

Sei puntuko motzean binaka ofizioka hiruna bertso (Bi talde)

Objektu banari bertso bana (Hiru taldeak)

8ko txikian hiru punturi erantzun (Hiru taldeak)

Habanera doinuan oinak emanda bertso bat osatu (Hiru taldeak)

Gaia emanda bi bertso (Hiru taldeak)

10ko txikian binaka ofizioka hiruna bertso (Bi talde)

Iparragirre doinuan binaka ofizioka hiruna bertso (Bi talde)

Kopletako saioa (4na bertso) (Bi talde)

Hitza oin bezala erabilita bertso bat osatu 10ko handian (Hiru taldeak)

Epaile lanetan, berriz, Nafarroako taldekako bertso txapelketan parte hartu duten gainerako hamalau taldeetako ordezkari bana arituko da, hamalau izanen dira saiorik onena zein taldek egin duen erabakiko dutenak. Horrez gain, Bardoak 2012n gainerako saioetan egin den bezala, entzuleek ere izanen dute haien balorazioa emateko aukera, eta haien bozka ere kontutan izanen da Bardoak 2012ko irabazlea nor den erabakitzeko orduan.

 

Lasarteri omenaldia, trikipoteoa eta afaria

Saioaren amaieran, Leitzako finala aprobetxatuko dute bardoek berriki hil den Manuel Lasarte bertsolari leitzar handiari omenaldi xumea egiteko. Horren ondotik, Nafarroako taldekako bertso txapelketako lehen edizioko irabazlea nor izan den jakinen da.

Behin saioa bukatuta, frontoitik bertatik abiatuta, triki poteoa eginen da herrian barna eta eguna amaitzeko herri afaria izanen da Leitzako eskoletan.

Saiorako zein afarirako sarrerak www.bertsosarrerak.eu web gunean daude salgai ostirala arte. Larunbatean Leitzako frontoian bertan egonen dira sarrerak salgai, goizez 12etatik aurrera, eta arratsaldez 15etatik aurrera.

Finalaren eta ondorengo ekitaldien inguruko xehetasun guztiak www.bardoak.com web gunean aurkituko dituzte bertsozaleek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun