Lan erreformaren kontrako grebak eskualdea geldiarazi zuen

TTIPI TTAPA 2012ko martxoaren 30a

Berako manifestazio jendetsua izan zen eguerdian. Aitor Arotzena

Manifestazioak egin ziren Beran, Elizondon eta Donezteben

Lan erreformaren aurka martxoaren 29an deitutako greba ia erabatekoa izan zen eskualdean eta lan arlo guziak geldiarazi zituen. Herriko Etxeetako udal bulego gehienak itxiak egon ziren, nahiz arlo publikoan derrigorrezkoak diren guttieneko zerbitzuak eskaini. Ikusi bideoa

Lan erreformaren aurka martxoaren 29an deitutako greba ia erabatekoa izan zen eskualdean eta lan arlo guziak geldiarazi zituen. Herriko Etxeetako udal bulego gehienak itxiak egon ziren, nahiz arlo publikoan derrigorrezkoak diren guttieneko zerbitzuak eskaini. Ikusi bideoa.

Industria arloan, Bortzirietan kasik erabatekoa izan zen greba. Alco itxita, Zalain itxita, Funvera eta Savera itxita, Martiko itxita, Hidrorubber Iberica itxita, Composites Gurean sekzio buruak izan ezik produkzio geldirik eta itxita. Lantegi nagusiari, Arcelorri dagokionez, «nagusi baten bisita dela eta mehatxuen bidez linea bat martxan jarri zuten txanda baterako 10 langileekin, baina gero erretena bertzerik ez zen gelditu» adierazi zuen LAB sindikatuko Koldo Saenzek, baina Legasa eta Lesakako planten artean langileen %98ak greba egin zuen. Beraz, kasik lantegi guziak itxiak egon ziren eta salbuespen bakarra Berako Palmadera dela aipatu zigun ELAko Joxe Mari Arribillagak.

Donezteben bi poligonoak, Mendi Txuri lantegia barne, itxita eta aktibitate gabe egon ziren. Aparan geldirik egon zen, Traperos de Emaus ere eta Baztan-Bidasoa anbulantziak zerbitzu minimoak eskaini zituen. Doneztebeko komertzioa ere kasik erabat itxia egon zen eta gainontzeko herri guztietan dendetan %100ekoa izan zen greba.

Baztanen ere Marmoles del Baztan geldirik egon zen, Harri Lan geldirik eta La Baztanesa autobusak zerbitzu minimoekin. Elizondoko komertzioak ere kasik erabat itxiak egon ziren.

Leitzan ere itxia egon zen Sarriopapel lantegia eta kasik komertzio guziak.

 

Irakaskuntza

Irakaskuntzan ere grebaren jarraipena kasik erabatekoa izan zen. Almandoz, Oronoz, Sunbilla, Urdazubi-Zugarramurdi, Amaiur, Azpilkueta, Erratzu, Gartzain, Arraioz eta Zigako irakasle guziek greba egin zuten. Elizondoko eskolan irakasleen %93k greba egin zuen. Lanbide eskolan guttieneko zerbitzuak bertzerik ez zituzten eskaini eta Lekarozen irakasleen %82ak eta ikasleek %99ak (4 ikasle agertu ziren klasera) greba egin zuten. Donezteben 36tik 30 greban daude. Bortzirietako ikastetxe publikoetan ere grebaren segida erabatekoa izan zen eta nahiz derrigorrezko zerbitzu minimoak eskaini, ikastetxeak itxiak egon ziren eta ez zen klaserik eman. Gauza bera gertatzen da eskualdeko ikastoletan, Baztan, Berako Labiaga eta Lesakako Tantirumairun. Berako Jesusen Bihotza ikastetxean lau irakaslek greba egin zuten, baina gainerakoan klaseak eman zituzten.

Leitza eta Goizuetako ikastetxeetan erabatekoa izan zen grebaren segida.

 

Mobilizazioak

Grebaz gain, bertze hainbat mobilizazio egin ziren martxoaren 29an. Honela, herriz herri kontzentrazioak egin ziren eta hiru manifestazio handi egin ziren Beran, Elizondon eta Donezteben.

Honela, 400 bat lagunek parte hartu dute asteazken eguerdian lan erreformaren kontra deitutako greba egunaren baitan Beran egindako manifestazioan. Bertze eredu sozial bat posible da leloa zeraman pankartaren gibeletik joan da jendetza Agerratik Altzateko Plazaraino, tartean Murrizketarik ez!, Gure eskubideak defenda ditzagun edo Gaur Greba Orokorra bezalako aldarrikapenak oihukatuz. Berako kuartelaren parean, berriz, Polizia guttiago, lan gehiago oihukatu zuten, nonbait grebarekin bat egin ez duten hogei bat guardia zibil baitzeuden zaintza lanean.

Elizondoko karriketan ere manifestazioa egin zen eguerdian, hainbat gizarte eragilek deituta, Bertze eredu sozial bat posible da izenburupean.

Arratsaldean, berriz, ELA, LAB eta EHNE sindikatuek deitutako eskualdeko manifestazioa egin zen Donezteben. 400 bat lagun bildu ziren, Erreforma eta inposaketarik ez, Euskal langileok greba orokorra zioen pankartaren gibelean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun