Oñatz eta Julen San Miguel doneztebarra dira erremonteko II Sagardoaren txapelketako lehenbiziko finalistak, larunbatean Galarretan jokatutako finalerdian 40 eta 33 irabazi baitzieten Zeberio II eta Zubizarretari.
Partida ikusgarria izan zen eta Andoaingo aurrelaria eta Doneztebeko atzelaria bikain aritu ziren. Zeberio eta Zubizarreta gehienetan galtzen joan ziren (8-5, 18-11, 34-37), baina eutsi egin zioten markagailuari. 35-33koarekin, tantu erabakigarria jokatu zen. Lau erremontelariak gogoz saiatu ziren, baina azkenean Zeberiok kontrakantxara bidali zuen pilota eta gorrien 36garrena igo zen markagailura. Hortik aitzinera, azken lauak segidan egin zituzten gorriek, 40-33koa ezartzeko.
Julen San Miguel izan zen lau pilotarien artean onena. Zubizarretak ahal zuena egin zuen gibeleko koadroetan eusteko, baina ez zuen sakearekin asmatu. Zeberiok, galdu arren, partida bikaina jokatu zuen eta 19 tantu egin zituen eta 3 pilota galdu. Oñatzek 14 tantu egin zituen eta 2 pilota galdu eta San Miguelek 13 tantu egin zituen peloteoan, bertze 6 sakearekin eta pilota bakarra galdu zuen.
Bertze finalista, martxoaren 28an, asteazken arratsaldean Juaristi eta Olazarrek, Etxeberria IV eta Etxeberria III.aren kontra jokatuko duten finalerditik aterako da. Beraz, gauza jakina da, gibeleko koadroetan doneztebarren arteko lehia izanen dela finalean ere.