Malerrekako ahozko ondarea jasotzeko lanaren aurkezpena eginen da martxoaren 24ean, larunbat arratsaldeko 18:00etatik aitzinera Doneztebeko zineman, Bearzana frontoiaren bertzaldean. Lan honen helburua, izenak berak argi uzten duen bezala, belaunaldiz belaunaldi eta ahoz aho transmititu den herri jakintza bideoz biltzea izan da, etorkizunean memoria historiko hori guztia ikus-entzunezko formatuan gizarteari bueltatzeko berriz, eskoletan, bertzelako kultura jardueratan…
Lan egiteko moduari dagokionez, berriz, eskualde bakoitzean bertako norbaiti galdetu zaio zer den garrantzitsua, ezinbertzekoa biltzeko. Egindako bideoak aztertu eta pasarteak aukeratu dituzte, editatuz eta sailkatuz. Hortaz, jendearen esku aukeratutako pasarteak baino ez dira egonen, ez grabazioak osorik, konfiantza giroan errandako guztiak ez baitira denon eskura jartzeko modukoak.
Maite Lakar izan da Malerrekan grabaketak egiteaz arduratu den pertsona: Nafarroako Unibertsitate Publikoak duela 5 urte Nafarroako Ondare Ez-materiala biltzeko proiektua martxan paratu zuen. Lehenbiziko urteetan Nafarroa Garaiko iparraldeko eskualdeetan lan egiten hasi zen Euskokultur Fundazioaren eskutik. Egun, aldiz, Labrit aritzen da bilketa lanetan. Erran beharra dago 2 erakunde hauek anitzetan elkarrekin aritzen direla lanean, lantalde bakar moduan. Horrez gain, Labritek DVDak egiten ditu bildutako materialarekin: Ni, Bidasoa dokumentala, lan monografikoak eskualdeka…
Doneztebeko zineman Malerrekan parte hartu zuten 54 lagunak biltzeko asmoa dago larunbateko ekitaldian, esker moduan edo, bakoitzari bere grabazioaren kopia emateko. Horrez gain, lanaren nondik norakoen berri izan nahi duenak joateko aukera izanen du, lekuko bakoitzaren zatitxo bat ikusiko baita.