Urtetik urtera, gero eta indar haundiagoa hartzen ari den Sara Korrika Trail lasterkaldia igande honetan, martxoak 25, eginen da. Parte-hartzaile kopuruan izandako gorakada da proba hau son haundia hartzen ari den seinale. Izan ere, 2006an egin zen lehenbiziko aldiz, eta orduan, 200 korrikalari inguru bildu ziren; 2008an 350 ziren, 2009an eta 2010ean 530 eta joan den urtean, 630.
Larun mendiko mazaletatik iraganen den itzuli honek 25 kilometro izanen ditu, 1.443 metroko desnibel positiboa eta 1.442 metroko negatiboa. Punturik garaiena Atekaleun da, 728 metrora dagoena, ibilbideko 7,3. kilometroan.
Lasterkaldiaren egunean, 07:30ean hasiko dira kirolariak Sarako plazan elgartzen, eta 09:00etan emanen zaio hasiera probari. Olhaingo lepora bi oren eta erdiz heldu beharko dute parte hartzaileek eta bertzela lasterkaldia utzi egin beharko dute, antolatzaileek plazarat eramanen dituzte. Aitzinera egiten dutenen artean, 11:00 alderako irabazleak plazara helduko dira eta 13:00etan, berriz, sari banaketa eta talo jatea eginen dira (bi eurotan).
Aipatu, bertzalde, dagoeneko bukatua dagoela izena emateko epea.