Aurten ere milaka lagun ibili dira Frantziako etxalderik haundienean. Parisko laborantza saloinak 680 000 bisitari biltzen ditu urtero eta horien artean senpertar ainitz bada beti. Europako azokarik haundienean Frantziako ekoizpen eta abere ederrenak biltzen dira saltzeko edo lehiatzeko, eta horiek ikustea maite dute herritarrek. Ez da ahantzi behar laborantzak pisu haundia duela oraino ere gurean eta nornahi interesa daitekela lehen sektoreari denak kontsumitzaileak garelakoz. Gainerat, saloineko giro paregabeaz gozatzea ere gustukoa dute ainitzek, gure laborariek, erretiroa jadanik hartu duten nekazariek eta bai gazteek ere. Halere, milaka jendeen artean beti harrigarria da herritarrak ikustea erakusmahaien aitzinean edo kantuz ibiltzen ostatuz ostatu!
Bertzalde, Saint Christophe laborantza ikastegiko akuakulturako zonbait ikasle ere Pariserat joan dira saloinerat. Badira hamar urte, ikasle hauek azokarat joaten direla Frantziako ekoizle onenak eta bertze herrialdeetako teknikak ezagutzerat. Amuarrainaz arduratzen dira Urdazuri ibaian eta preseski aurten ezagunak dituzten Akitaniako amuarrain bi ekoizle saritu dituzte Parisen.