Baztan-Bidasoaldeko ELA eta LAB sindikatuko kideek bat egin dute «Lan Erreforma basatiari» aurre egiteko martxoaren 29ko greba orokorrean parte hartzeko deia egiterakoa, martxoaren 15ean Lesakako Kasinoan egindako agerraldian.
ELAko Joxe Mari Arribillagak aipatu duenez, «enpresetan indar egiteko sindikatuen tresna den negoziazio kolektiboaren indarra hautsi du lan erreformak eta baldintzak gobernuak eta enpresarioek jarri dituzte». Soldatak murrizteko eskubidea ere enpresarioen esku dagoela eta kaleratzeko orduan, «lan egindako urteko 45 egun kobratu beharrean, 33 kobratuko dira eta, 20 egun xixtrin ere izan daitezke», aipatu zuen.
Koldo Saenzek (LAB) erreforma ez dela arazo laboral hutsa ere gogoratu zuen, «arazo sozial larri baten aitzinean gaude. Lan munduko erreforma hauei, zerbitzu sozialetan ematen diren murrizketak gehitu behar zaizkie, osasungintzan, irakaskuntzan, aurrekontu publikoetan... murrizketak herritarron oinarrizko zerbitzuetan, baino inolaz ere murrizetak bankuen irabazietan».
Greba eguna baino lehen, martxoaren 22an, kotxe karabana bat ibiliko da Arizkungo Ordoki eta Berako Zalain industrialdeen artean. Eta martxoaren 23an, 11:30ean lan erreformaren inguruko solasaldia eskainiko du Garbiñe Aranburu, LABeko ekintza sindikaleko arduradun nazionalak Lesakako Herriko Etxean.
Martxoaren 29an, berriz, 17:30ean manifestazioa eginen da Donezteben, ELA eta LAB sindikatuek deituta.