Espainiako Gobernuak onartutako Lan Erreforma langilearen aurkako eraso bortitza delakoan, martxoaren 29ko greba deialdiari babesa eman zioten Baztan-Bidasoaldeko hainbat alkate eta zinegotzik, martxoaren 14an Berako Beralandetan egindako agerraldian.
Bilduko Mikel Ortega Baztango alkateordeak euskaraz eta Aralarko Marisol Taberna Berako alkateak gazteleraz eman zuten egunotan udalez udal eztabaidatzen ari den mozioaren berri, baina bi talde hauetako udal ordezkariekin batera, independienteak eta Berako PNVko Isidora Agirre, modu pertsonalean agertu ziren.
Erreformak langileendako ekarriko dituen kalteak azaldu zituen Mikel Ortegak eta ondotik, gure inguruko udaletan eztabaidatzen ari den mozioa azaldu zuten. Mozioak dioenez, «lan erreforma salatu nahi dugu enpresa kudeaketa eskasaren eta ekonomia eredu okerraren ondorioen zama guztia langileen bizkar gainean utzi nahi dutelako». Modu berean, sinatzaileek, «Espainiako gobernuari lan erreforma lehenbailehen indargabetzea» eskatzen diote. Atxikimendua eman dutenek «lan harremanen euskal esparrua indarrean jartzea» nahi dute, «lan merkatua arautu behar duten legeak debatitzeko aukera euskal herritarroi emanen diguna». Azkenik, herritarrei dei egiten diete martxoaren 29an lan erreformaren kontra deitutako greba orokorrean parte har dezaten eta «Euskal Herriko legebiltzarkide hautetsiei kongresuan eta senatuan lan erreformaren aurkako botua ematea» eskatzen diete.