Xaloa Telebista, Xorroxin Irratia eta TTIPI-TTAPAren aldeko mus txapelketa hasia da. Aitzineko alean aipatu bezala, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideak dirulaguntzarik gabe utzi dituela eta, Baztan-Bidasoaldean ari diren hiru tokiko hedabide hauek diru-sarrera alternatiboak bilatzeko elkarlana abiatu berri dute eta oraingoz, mus txapelketa antolatu dute, eskualdeko elkarteen laguntzarekin. Herriz herri jokatuko diren mus txapelketa aunitz zehaztuak dira dagoeneko, eta zenbaitetan sariak ere bai. Joan den asteburuan jokatu ziren herri batzuetako lehiak eta gainerakoak ondoko asteburuetan eginen dira. Finala, berriz, apirilaren 14an eginen da Sunbillan. Parte hartzeko, bikoteko 20 euro ordaindu beharko dira eta hortik bilduko da TTIPI-TTAPA, Xorroxin eta Xaloaren aldeko dirua.
Herriz herri txapelketak noiz diren jakiteko xehetasun gehiago aldizkariko 47. orrialdean aurkituko dituzue. Dena den, zerrendan ez agertu arren, baliteke Malerrekako bertze herriren batean ere txapelketa jokatzea. Animatu eta parte hartu!