Hirugarrenean bai. Baztango Udalak, Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak eta Malerrekako Mankomunitateak etxez-etxe banatutako egutegiek duten zenbakiarekin, urtarrilean eta otsailean egindako zozketetan ez zen saridunik agertu, baina martxokoan bai. 9.558a izan zen zenbaki sariduna eta Gema Migeltorena lesakarra da zenbakiaren jabea.
Martxoaren 9an, hartu zuen saria. Eskualdeko produktuekin osatutako lotea Migel Mari Irigoien Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateko presidente eta Etxalarko alkateak eman zion.
Apirileko zenbakiarekin, berriz, Berako Zalain jatetxean bi lagunendako bazkaria zozketatuko da.