Martxoaren 23an, ortzirala, arratsaldeko 20:30ean Doneztebeko Mendi Abesbatzako kideek kontzertua eskainiko dute Elgorriagako Elizan.
Abesbatza honek urtero Malerrekako herri desberdinetan beren emanaldiak eskaintzeko ohitura du, azkenaldian prestaturiko lanak aurkeztu eta orokorrean, musikaren bidez gozatu eta gozatu arazteko asmoz. Hori dela eta, tankera ezberdineko hainbat kantu entzunen dira emanaldian, eliza-kantu batzuekin hasi eta folklore desberdinetatik pasaz, euskal folkloreak garrantzi berezia izanen duelarik bertan.
Palestrinaren "Sicut Cervus", Orlanduss-en bi kantu harrigarri, Aranbururen "Kitolis", edota ezagunagoak diren "Baratze bat" nahiz "Xalbadorren Heriotzean" izanen dira bertan adituko diren doinuetako batzuk. Berritasun gisa, kontzertu honetan ohiko bakarlariez gain bakarlari berriak, ere ariko dira estrainekoz beraien eta abesbatza osoaren lana borobiltzeko asmoz.