Nafarroa eta Oronozko suhiltzaileak, Baztango Udala eta Gobernua elkarlanean ari dira Belate eta Almandozko tuneletako ezbeharren aitzinean, jendeari zer egin jakinarazteko eta arriskuak nola murriztu aztertzeko.
«Kamioiak minutu bakar bat beranduago su hartu izan balu, ondorio pertsonalak aunitzez ere larriagoak izaten ahal ziren. Zorte haundia izan zen, kamioia tunelaren sarreratik hurbil zegoelako eta bertze hainbat faktoregatik. Izan ere, nahiz eta tunelaren segurtasun maila hobetzen ahal den eta hartutako segurtasun neurriak egokienak ez izan, suteak arrisku handia sor zezakeen, baina ez zen kalte pertsonalik izan». Halaxe dio Oronozko Parkeko suhiltzaileek landutako txostenarekin batera egin duten idatziak. Joan den uztailaren 8an Belateko tunel barrenean su hartu zuen trailerrak eragindako istripuaz ari dira. Kalte haundia sortu zen tunel barrenean eta bi hilabete behar izan ziren konpontzeko. Geroztik eta lehenagotik ere, gehiagotan egon dira itxita Almandoz eta Belateko tunelak, orain aste batzuk azken aldiz.
Sarritan izaten dira Almandoz eta Belateko tunelak hizpide eta Oronozko suhiltzaileen kezka iturri nagusietako bat ere badira, tximinietako eta mendiko suteekin batera, Oronozko suhiltzaileek esku hartze gehienak bi tunel hauetan egiten baitituzte.
Tunelen inguruko kezka horretatik abiatuta egin dute txostena suhiltzaileek eta helburu berarekin hasi dira Nafarroako Gobernuarekin eta Baztango Udalarekin elkarlanean, «Belate eta Almandozko tuneletan sutea izatekotan, arriskuak zein diren ikusarazteko, jendeari zer egin behar duen jakinarazteko eta arriskua murrizteko zein neurri hartzen ahal diren aztertzeko». Horrela baieztatu digu Javier Ayarra Oronozko Suhiltzaileen Parkeko buruak.
2006an onartu zen Tunelen Larrialdietako Planak dioenez, tunelaren arrisku maila tunelaren luzeraren eta pasatzen den ibilgailu kopuruaren araberakoa da. Bi ezaugarri horiek betetzen dituzte Almandoz eta Belateko tunelek. 2009an Sunbilla eta Behobia arteko errepidea moldatu zenetik, egunero 1.400 kamioi pasatzetik, 2.500 kamioi pasatzera igaro da N-121A errepidea. Suhiltzaileek utzitako datuen arabera, gaur egun, 7.968 ibilgailu pasatzen dira egunero tuneletatik, horietatik %28 ibilgailu astunak. Aipatzekoa da hildakoak utzi dituzten tuneletako suteen %100ean kamioiak izan direla protagonistak.
Arazoa konpontzeko elkarlana
Urteen joanean, gero eta tunel luzeagoak egin dira eta horrekin, aldi berean, istripu gehiago izan dira. Instituzioek neurri berriak hartu behar izan dituzte eta horren ondorio da Nafarroako Gobernuaren 2006ko maiatzaren 26ko 635 Errege Dekretua, 2004ko Europako Zuzendarauan oinarritua, tunelen guttieneko segurtasun baldintzak jasotzen dituena. Araudi horren arabera, bi noranzkoko tunela baldin bada, mila metro baino gehiago baditu eta egunean mila ibilgailu baino gehiago pasatzen badira, bertze hodi bat behar da trafiko altuagatik, 400 metroka larrialdietako irteerak behar dira, aireztapen sistema egokia ere bai, eta larrialdi zerbitzuetarako irratikomunikazio sistema eta erabiltzaileendako irrati bidezko larrialdietarako mezularitza ere bai, bertzeak bertze. Almandoz eta Belateko tunelak, ordea, araudi horiek baino lehenagokoak dira eta garai hartan indarrean zegoen araudia betetzen dute.
Orduko araudiarekin bat etorri arren, suhiltzaileen irudiko, bi tunelek badituzte hobetzen ahal diren zenbait alderdi. «Oronozko erreskate zerbitzuek ezin dutela garaiz erantzun», gogoratu du Ayarrak, denbora behar dutelako harat ailegatzeko eta beraz, «tunelean daudenak ezin dira garaiz artatuak izan». Gaineratu du, «tunel horiek gaur egun eginen balira, segurtasun neurri osagarri batzuk beharko lituzketeela».
Garaiz ez artatzeari buruz, aholku bat eman die Ayarrak erabiltzaileei: «sutea izan bada, tunel barrenean dagoen jendeak ezin du suhiltzaileak noiz erreskatatu esperoan egon. Denek atera behar dute kanpora, autoebakuazioa egin behar da, eta autoebakuazioa instalazioak erraztutakoa izan behar da».
Araudiak dio tunelek larrialdietako irteerak behar dituztela eta Almandoz eta Belatekoen kasuan, bi aldeetara dauden irteerak dira larrialdietakoak. «Baina larrialdietako irteera batera joateak ez du ziurtatzen kerik egonen ez denik. Litekeena da erabiltzailea alde batera abiatu eta kontrol zentrotik kea erabiltzailea doan tokira bideratzea. Instalazioak argi erakutsi behar du erabiltzaileak zein aldetara jo behar duen. Horretarako instalazioak kea ebakuatzeko estudioa beharko luke, baita alerta sistema eta argiztatutako seinalizazioa ere. Horiek dira proposatu ditugun hobekuntzak», dio Ayarrak.
Neurri horiez gain, Oronozko suhiltzaileen buruak garrantzitsua ikusten du jendeari informazioa ematea, «arriskua dagoenean zein neurri hartu behar duen jakiteko». Eta horixe da, hain zuzen, Baztango Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin lanean hastearen arrazoietako bat. «Nafarroako Suhiltzaileak, Oronozkoak eta Baztango Udala elkarlanean ari gara. Nafarroako Suhiltzaileek Gobernuko Herri Lan eta Barne Departamentuekin landuko dute gaia, organu konpetenteekin, eta Oronozko suhiltzaleok eta Baztango Udalak kanpaina informatiboa egitea adostu dugu. Prebentzio kanpaina baten barne izanen litzateke. Oronozko suhiltzaileok instalaziorako hobekuntza neurriak ere proposatuko ditugu», adierazi digu Oronozko suhiltzaileen buruak. Nafarroako Gobernuan ere berriak dira gai honetan, orain arte UPNren ardura izan delako eta orain PSNrena delako. «Arriskuen eta neurri zuzentzaileen inguruan txostena egiteko eskatu digute suhiltzaileoi eta horretan ari gara».
Denborarekin, orain Baztango Udalarekin hasitako elkarlana, gainerako herrietara ere zabaldu nahi dute.
SEGURTASUN NEURRIAK
«Almandoz eta Belateko tunelek egin ziren garaiko araudia betetzen dute, baina gaur egun eginen balira, segurtasun neurri osagarri batzuk beharko lituzkete»
Javier AYARRA
Oronozko Suhiltzaileen Parkeko burua
DATUA
7.968 IBILGAILU pasatzen dira egunean N-121A errepidetik, horietatik %28 astunak.
JAVIER AYARRA, ORONOZKO SUHILTZAILEEN PARKEKO BURUA
«Jendeak garbi izan behar du norbere kasa atera behar duela tuneletik, eta ezin duela suhiltzaileen esperoan egon»
«Almandoz eta Belateko tuneletan ezbeharren bat gertatuz gero, hurbilen gauden suhiltzaileek, hau da, Oronozkoek, guttienez 15-20 minutu behar ditugu parketik atera eta harat ailegatzeko eta 22-23 minututan egon gaitezke operatibo. Hori, beti ere, parkean baldin bagaude, gerta baitaiteke bertze nonbaiteko sute bat itzaltzen aritzea». Javier Ayarra Oronozko parkeko buruaren hitzak dira. Hori horrela izanda, Ayarrak argitu nahi izan du, «jendeak ezin duela suhiltzaileek atera bitarte esperoan egon. Jendeak garbi izan behar du norbere kasa atera atera behar duela tuneletik eta suhiltzaileak ez direla denbora luzez ailegatuko».
Jendeak horren berri izateaz gain, Almandoz eta Belateko tunelek zer hobetua badutelakoan daude suhiltzaileak. Ayarraren arabera, «tunelen artean, bi hodi izatea da instalaziorik seguruena, bat norantza baterako eta bertzea kontrako norantzarako. Hartara, batean arazoren bat egonez gero, bertzea libre geldituko litzateke ebakuaziorako. Bigarren aukerarik seguruena, bi norantzetarako tunela bakarra denean, ebakuazio galeria bat egitea da, hau da, tunel ttikiago bat pertsonendako. Eta hirugarren aukera instalazio barrenean hobekuntzak egitea da». Adibide hauek aipatu dizkigu Ayarrak:
• Tunelera sartu aitzinetik geralekua: geraleku horretan ibilgailu arriskutsuak –kamioiak– geldiaraziko lirateke. Hor arku termikoa edo tenperatura neurgailua kokatuta, kamioia gehiegi berotua dagoen ala ez eta arazoak sor ditzakeen ala ez ikusiko litzateke. Baiezkoa bada, hozten utzi, eta bitartean informazioa jasoko luke: abiadura, segurtasun tartea, sutearekin zer egin...
• 80 kilometro orduko gehieneko abiadura: erreboluzio ttikiagoan motorrari guttiago exijitzen zaio.
• 100 metroko segurtasun tartea: segurtasun tartea mantentzen duenak arrisku ttikiagoa du eta tuneletik ateratzeko denbora gehiago. Ibilgailuak bat bertzearengandik hurbilegi baldin badoaz, bati kea hasten bazaio, inork ez du atzera egiterik, ibilgailu bat baino gehiago erre daitezke eta su karga haundiagoa sortu.
• Sutearen kasuan: norbere ibilgailuak su hartu badu, itzaltzen ahal bada itzali, eta ezin bada, utzi ibilgailua eta jendeari tuneletik ateratzeko erran.
• Argiztatutako seinaleak: jendeak nora joan jakin dezan, argiztatutako seinaleen bidez kanporako bidea markatzea komeni litzateke. Kea alde batera bideratzen bada, jendeak jakin dezala bertze aldera joan behar duela.
• Mezu garbiak: tunel barrenean daudenek zer egin jakiteko mezu argiak.
• Aireztapena: sutea baldin badago, aireztapena modu progresiboan eta poliki-poliki aktibatu behar da, gehiegizko bentilazioak sua indartu egiten baitu. Aldi berean, bentilazio egokiarekin, kea ahalik eta denbora gehienean tunelaren goiko zatian mantendu behar da, jendeak tuneletik ateratzeko denbora nahikoa izan dezan.