Sagardoaren txapelketako finalerdiak erabaki dira

TTIPI TTAPA 2012ko martxoaren 21a

Gaur egungo txapeldunek, Juaristi eta Olazarrek, orain arteko partida guziak irabazi dituzte. Etxeberriatarren kontra ariko dira larunbateko finalerdian. Oriamendi 2010

Martxoaren 24an Juaristi eta Olazar Etxeberriatarren kontra ariko dira eta martxoaren 28an Zeberio eta Zubizarreta, Oñatz eta San Miguelen kontra

Erremonteko Sagardoaren II Txapelketa azken txanpan sartua da eta martxoaren 24an eta martxoaren 28an, larunbatean eta asteazkenean jokatuko dira finalerdiak, partida bakarrera.

Erremonteko Sagardoaren II Txapelketa azken txanpan sartua da eta martxoaren 24an eta martxoaren 28an, larunbatean eta asteazkenean jokatuko dira finalerdiak, partida bakarrera.

Martxoaren 24an, larunbatean jokatuko da lehen finalerdia. Gaur egungo txapeldunak eta A multzoan buru izan diren Juaristi eta Patxi Olazar doneztebarra Etxeberria IV eta Joxe Etxeberria III doneztebarraren kontra ariko dira. Juaristi eta Olazar dira txapelketa honetan oraindik partida alerik ere galdu ez dutenak, lautik lau irabazi baitute. Aitzinean, Etxeberria IV eta Etxeberria III izanen dituzte. Hauek partida bakarra galdu dute eta hura tantu bakarrarengatik. Juaristi eta Olazar sasoi onean ailegatu dira txapelketara eta ongi egokitzen dira bata bertzeari. Etxeberriatarrei dagokienez, Joxe Etxeberria koadroko pilotari onena izendatu dute urtarrilean eta otsailean. Bere erranetan, «ez da erraza izanen, beraiek konfidantza handiarekin baitaude eta txapeldunak zergatik diren erakusten ari dira. Gauzak arras ongi egin beharko dira irabazteko».

Bigarren finalerdia martxoaren 28an, heldu den asteazkenean jokatuko da, Zeberio eta Zubizarreta, Oñatz eta Julen San Miguel doneztebarraren kontra. Zeberio eta Zubizarreta larunbat honetan Ezkurra eta Zubiriri 40-16 irabazita lortu zuten finalerdietarako sailkatzea. Oñatz eta San Miguel, berriz, B multzo buru izan dira. Bi bikoteek partida bakarra galdu dute eta ongi aritu dira ligaxkan. Zeberio eta San Miguelen jokoan oinarritzen da bikote bakoitza eta ikusi beharko zein nagusitzen den heldu den asteazkenean Galarretan. Julen San Miguelek adierazi duenez, «oso indartsuak dira, baina gu ere ongi ari gara eta gauzak zail jarriko dizkiegu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun