Duela lau hilabete, 2011ko azaroaren 5 eta 6an, Nafarroa, Gipuzkoa eta Lapurdin izan ziren euriteek kalte handiak eragin zituzten. Mendialdeko udalek salatu dute bere eskaerei ez diela erantzunik eman Gobernuak eta prentsa bidez jakin dutela 88.782 euroko laguntza izanen dutela, kalteak 471.000 eurotan baloratuak dauden bitartean.
Martxoaren 16an, ortziralean egin zuten agerraldia Iruñean inguruko hainbat udaletako alkate eta zinegotziek. Zehazki, Baztan, Leitza, Lesaka, Lakuntza, Goizueta, Igantzi, Etxalar, Uharte Arakil eta Aresoko udalek sinatutako idatzia agertu zuten eta babesa adierazi diete Bera, Basaburua, Betelu, Arantza, Larraun, Etxarri Aranatz, Iturmendi, Arbizu, Altsasu, Urdiain, Bakaiku, Olazti, Ergoiena, Arruazu, Irañeta, Ihabar, Lekunberri, Arakil, Irurtzun eta Imotzko Udalek ere.
Eremu hauek jasan zituzten kalteen neurriak Espainia eta Frantziako Gobernuek estatu mailako laguntzak jaso ahal izateko hala eskatu zuten lurraldeak eremu katastrofiko bezala izendatzea ekarri zuen. Horrela gertatu da bai Gipuzkoa eta baita Iparraldean ere. Nafarroako kasuan bereziki ipar-mendebaldean kokatuta dauden udalerriei eragin zien euriteak eta orain arte herri hauetan izandako kalteei ez zaie inolako erantzunik eman Nafarroako administrazioaren partetik. Lau hilabete baino gehiago igaro diren honetan mendialdeko Udalek adierazi dute «orain artean izan ditugun bileretan ez zaiela inolako erantzunik eman gure eskaerei».
Bilerak egin dituzte Gobernuko sail ezberdinekin (tokiko administrazioa, ura eta ingurugiroa, abeltzaintza azpiegiturak…) baina «inork ez du bere gain hartu sortutako kalteei erantzuteko ardurarik eta oro har erantzun orokorra ardurak beste leku batzuetara desbideratzea izan da, azken finean egoerak sortu duen karga guztia Udalen gain utziz». Alde batetik kalteak hainbesterako ez direla izan esan zaie, baita gisa honetarako larrialdiei aurre egiteko dirurik ez zegoela ere. Honen aurrean kaltetutako Udalek argi utzi nahi izan dute «jasan ditugun kalteak handiak eta esanguratsuak izan dira ditugun baliabideentzat, eta administrazioak ezin du beste alde batetara begiratu. Gainera, Nafarroako parlamentuan emendakin bidez kaltetutako herriei laguntzeko atal bat osatzeko eskaera atzera bota izana ere salatu nahi dug». Larrialdietarako dirurik ez dago horrela erabaki delako, eta are salagarriagoa dena «ez dugu kaltetutako herriei laguntzeko borondaterik ikusi». Egoera aztertu ondoren Baztan, Leitza, Lesaka, Lakuntza, Goizueta, Igantzi, Etxalar, Uharte Arakil eta Aresoko Udalek bilera bat eskatu zuten Gobernuko lehendakariarekin arazoa bideratzeko asmoz.
Erantzuna prentsa bidez iritsi zaie, martxoaren 7an jakin baitute, 88.782euroko laguntza onartu dela kaltetutako herrien artean banatzeko. Kontutan izanda Udalek jasandako kalteak 471.000 eutotan baloratu direla, «diru kopuru hori nabarmenki ez nahikoa da, eta ez du inondik inora konpondu beharreko azpiegiturak konpontzeko biderik ematen», udal ordezkarien erranetan. Udalek jasandako kalteen %82ari beren kabuz egin beharko diote aurre, eta gobernuaren ekarpena «bere irudia garbitzeko keinu hutsa besterik ez da, zurikeria politikoa Iparraldeko nafarretaz gogoratzen dela adierazteko» diote idatzian.