Nafarroako mendialdeko hamaika irrati eta aldizkarik salatu dutenez, Nafarroako Gobernuak «hedabide ez ofizialak isilarazi egin nahi ditu», diru-laguntzak kenduta. Aurkeztu duten komunikatuan diote krisiarena aitzakia hutsa dela, eta Gobernuak laguntza horiek behin betiko desagerrarazi nahi dituela.
Manifestua sinatu duten elkarte eta hedabideak dira: Bierrik Fundazioa (Guaixe astekaria eta Beleixe irratia), Mailope (Mailope hilabetekaria), Aralar irratia, Leitzako Karrape irratia, Xorroxin irratia, Xaloa telebista, Ametza kultur taldea (Pulunpe hilabetekaria eta Pulunpetto haur aldizkaria. Esan Erran irratia otsailaren hasieran itxi behar izan zuten) eta Irati irratia. Orotara 35 lagun ari dira lanean komunikabide horietan, eta 50.000 irakurle eta entzulerengana heltzen dira.
Diotenez, «euskarazko hedabideak diru-laguntza publikoen kontura bizi garela zabaldu nahi duten ustea, ustela da». Euren hitzetan, «gezur hori» aurreko eta oraingo gobernuek zabaldu nahi izan dute herritarren artean. Gaztelaniazko telebista pribatuek eta zabalkunde handieneko idatzizko egunkariek jasotzen dituzten laguntzak adibide argia ei dira: «Euskaldunoi dagokiguna ez bezala, gazteleraz aritzen diren komunikabideen diru zorroa potoloa da. Eta askotan gainera, euskararen sustapenerako beharko luketen laguntzak erdal komunikabide horiek jasotzen dituzte».