Martxoaren 29ko greba deialdiarekin bat egin dute Baztan-Bidasoaldeko zenbait alkate eta zinegotzik

Aitor AROTZENA 2012ko martxoaren 14a

Baztan-Bidasoaldeko hainbat hautetsik bat egin dute martxoaren 29ko greba deialdiarekin. Aitor Arotzena

Egunotan mozioa eztabaidatzen eta onartzen ari da udalez udal

Otsailaren 11n, Espainiako Gobernuak onartutako Lan Erreforma langilearen aurkako eraso bortitza delakoan, martxoaren 29ko greba deialdiari babesa eman diote Baztan-Bidasoaldeko hainbat alkate eta zinegotzik, martxoaren 14an Berako Beralandetan egindako agerraldian. + Ikusi bideoa

Otsailaren 11n, Espainiako Gobernuak onartutako Lan Erreforma langilearen aurkako eraso bortitza delakoan, martxoaren 29ko greba deialdiari babesa eman diote Baztan-Bidasoaldeko hainbat alkate eta zinegotzik, martxoaren 14an Berako Beralandetan egindako agerraldian.

Bilduko Mikel Ortega Baztango alkateordeak euskaraz eta Aralarko Marisol Taberna Berako alkateak gazteleraz eman dute egunotan udalez udal eztabaidatzen ari den mozioaren berri, baina beraiekin batera bi alderdi hauetako udal ordezkariak, independienteak eta Berako PNVko Isidora Agirre, modu pertsonalean agertu dira.

Erreformak langileendako ekarriko dituen kalteak azaldu ditu Mikel Ortegak eta ondotik, gure inguruko udaletan eztabaidatzen ari den mozioa azaldu dute. Mozioak dioenez, «hemen gaudenok, lan erreforma salatu nahi dugu enpresa kudeaketa eskasaren eta ekonomia eredu okerraren ondorioen zama guztia langileen bizkar gainean utzi nahi dutelako». Modu berean, sinatzaileek, «Espainiako Erresumako gobernuari lan erreforma lehenbailehen indargabetzea» eskatzen diote. Atxikimendua eman dutenek «lan harremanen euskal esparrua indarrean jartzea» nahi dute, «lan merkatua arautu behar duten legeak debatitzeko aukera euskal herritarroi emanen diguna». Azkenik, herritarrei dei egiten diete martxoaren 29an lan erreformaren kontra deitutako greba orokorrean parte har dezaten eta «Euskal Herriko legebiltzarkide hautetsiei kongresuan eta senatuan lan erreformaren aurkako botua ematea» eskatzen diete. + Ikusi bideoa

Dagoeneko zenbait udaletan mozioa eztabaidatu eta onartu dute. Hala nola, Bertizarana, Sunbilla eta Berako udal plenoetan dagoeneko onartu da. Ituren, Donamaria eta Igantziko udalek ere bat egiten dute mozioarekin, nahiz eta oraindik ez den pasatu batzarretik. Baztan, Lesaka eta Arantzako Bilduko zinegotziek bat egin dute mozioarekin, Berako Aralar eta PNVko Isidora Agirrek bezalaxe. Etxalarren, Iñaki Atondo (Etxalar Aitzinera) eta Herri Taldeko Miguel Mari Irigoienek ere babesa eman diote idatziari, Baztango Ezkerrako Florentino Goñik eta iñigo Iturraldek bezalaxe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun