Baztan-Bidasoaldeko ELA eta LAB sindikatuko kideek bat egin dute «Lan Erreforma basatiari» aurre egiteko martxoaren 29ko greba orokorrean parte hartzeko deia egiterakoan. Bi sindikatuen izenean, Joxe Mari Arribillagak eta Koldo Saenzek hartu zuten hitza martxoaren 15ean Lesakako Kasinoan egindako agerraldian.
ELAko Joxe Mari Arribillagak aipatu duenez, “enpresetan indar egiteko sindikatuen tresna den negoziazio kolektiboaren indarra hautsi du lan erreformak eta baldintzak gobernuak eta enpresarioek jarri dituzte”. Soldatak murrizteko eskubidea ere enpresarioen esku dagoela eta kaleratzeko orduan, “lan egindako urteko 45 egun kobratu beharrean, 33 kobratuko dira eta gainera, zenbait kasutan paper bakar bat aurkeztearekin 20 egun xixtrin ere izan daitezke”.
LABeko Koldo Saenzen erranetan, erreforma honek «kaleratzeko kalte ordaina merketzea, erregulazio espedienteak unilateralki langileoi inposatzea, kontratazioetan prekarietatea areagotzea, lan hitzarmenetatik enpresak deskolgatzea behar dutenean eta sindikatuen eskubideak hutsaren hurrengoan uztea» dakartza. Lan erreforma ez dela arazo laboral hutsa ere gogoratu du, «arazo sozial larri baten aitzinean gaude. Lan munduan ematen ari diren erreforma hauei, zerbitzu sozialetan ematen diren murrizketak gehitu behar zaizkio, bai osasungintzan, bai irakaskuntzan, aurrekontu publikoetan... murrizketak herritarron oinarrizko zerbitzuetan, baino inolaz ere murrizketak bankuen irabazietan».
Greba eguna baino lehen, martxoaren 22an, kotxe karabana bat ibiliko da Arizkungo Ordoki industrialdea eta Berako Zalain industrialdearen artean.
Martxoaren 23an, 11:30ean lan erreforma berriaren inguruko solasaldia eskainiko du Garbiñe Aranburu, LABeko ekintza sindikaleko arduradun nazionalak Lesakako Herriko Etxeko batzar aretoan.
Martxoaren 29an, berriz, 17:30ean manifestazioa eginen da Donezteben, ELA eta LABek deituta. Elizondon ere “Bertze eredu sozial bat posible da lelopean” manifestazioa eginen da eguerdiko 12etan. Hainbat eragile sozial, sindikal eta politikok egin dute deialdia.