Heldu diren asteburuetan Bardoak 2012 Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketako bigarren faseko saioak jokatuko dira eskualdean eta Nafarroako bertze txokoetan. Martxoaren 9an, ortziral arratsean, Erauntsi eta Leitzaundi taldeak aurrez aurre izanen dira Iturengo Herriko Etxeko ganbaran.
Martxoaren 9an, ostiralarekin, abiatuko da bigarren fasea, Iruñean. Bertze Maldikoak eta Rimak Exkaxkok kantatuko dute Iruñazarra ostatuko beheko soilaruan, arratsaldeko 19,30ean. Auritz-Iruñeko Bertze Maldikoko bertsolariak Aimar Karrika, Ainhoa Aranburu eta Oskar Sanz de Acedo dira eta Lesakako Rimak Exkaxko taldekoak, berriz, Iñigo Olaetxea, Estitxu Fernandez eta Eneko Fernandez. Saioa 3 eurotan da, eta horren ostean ostatuan bertan afaltzeko aukera izanen da, saioa eta afaria 20 eurotan.
Iturengo Herriko Etxeko ganbaran, ortziralean, martxoak 9, afaria eta bertso saioa izanen dira, 21:00etan. Erauntsi (Iker Gorosterrazu eta Alazne Untxalo iturendarrak eta Amaia Elizagoien oronoztarra) eta Leitzaundi (Miel Mari Elosegi Luze, Iñigo Ibarra eta Iñigo Sagastibeltza) taldeak ariko dira aurrez-aurre.
Asteburuko bertze saioan ez da eskualdeko bertsolaririk izanen. Martxoaren 10ean, larunbatarekin, izanen da; Etxarriko gaztetxean, 22etan; herriko Bilixkorriko eta Barañaingo Beteranoak arituko dira. Etxekoen taldea Eneko Lazkoz, Joseba Beltza eta Alain Iriartek osatzen dute, eta Beteranoena Saioa Alkaiza, Mikel Lasarte eta Ander Baianok. Sarrera 3 eurotan da eta saioaren ondoren DJ saioa izanen da.
Itzulerakoak
Martxoaren 17an, Leitzan, bertso saioa jokatuko da 18:30etik aitzinera. Leitzaundi eta Erauntsi taldeak ariko dira nor baino nor, finalerako txartelaren bila itzulerako saioan.
Egun berean, martxoaren 17an, Igantziko Biltoki elkartean, afaria eta bertso saioa jokatuko dute Rimak Exkaxko (Iñigo Olaetxea eta Estitxu eta Eneko Fernandez lesakarrak) eta Bertze maldikoak (Ainhoa Aranburu, Aimar Karrika eta Oskar Sanz de Acedo) taldeek. 21:00etan hasiko da.
Bigarren faseko azken saioa martxoaren 18an jokatuko da, Barañaingo Alaitz ikastetxean, 20etatik aurrera. Bertso merendua izanen da eta saio horretan Beteranoak eta Bilixkorriko taldeak arituko dira. Merendua eta saioa, 5 eurotan.
Horiek izanen dira bigarren faseari dagozkion saioak. Hiru talde irabazleek finala Leitzan jokatuko dute martxoaren 31n.