Nafarroan herri kirola garatu eta sustatzeko lanean, 20 urte egin berri ditu Nafarroako Herri Kirol Federazioak. Bitarte horretan, Euskal Herri mailan eta Nafarroa mailan hainbat txapelketa eta erakustaldi antolatu ditu han eta hemen. Joxelu Retegi ere aspalditik dabil tartean. 1992an Federazioko lehendakari izendatu zuten eta 2002ra bitarte segitu zuen. 2005ean berriz sartu zen lehendakari eta ordutik bera dago karguan. Aurten, Federazioko ordezkariak izendatzeko hauteskundeak eginen dira maiatzean edo ekainean.
Eskualdeko herri kirolzale batzuek eta kirol koordinatzaileek Nafarroako Herri Kirol Federazioa sortu zutenetik, 20 urte pasatu dira. Geroztik, Nafarroan herri kirola sustatzea izan du xede nagusi, eta hainbat izan dira antolatutako txapelketa eta erakustaldiak. Norbaitek Herri Kirol Federazioa ongi ezagutzen badu, hori Joxelu Retegi da, urteak baitaramazki Federazioko lehendakari lanean. 1990eko lehen hartuemanen ondotik, 1991n sortu zen Nafarroako Herri Kirol Federazioa eta urtebetera izendatu zuten lehendakari, 1992an. 2002ra arte segitu zuen karguan. 2005ean berriz sartu zen lehendakari eta ordutik bere esku dago ardura.
20 urte hauen balantze «positiboa» egin digu Retegik: «hutsetik hasi eta egungo puntura ailegatzeko gauza aunitz egin dira». Baina aldaketak onerako eta txarrerako somatu ditu: «lehenbizian, herri mailan mugimendu haundia zegoen, herri kirol talde gehiago zeuden eta pixkanaka, su hori itzaltzen joan da. Bertzalde, kirolarien maila aldetik, maila dezentea hartu da. Adibidez, Zazpi Herrialdeen Txapelketan parte hartze hutsetik, hainbertze urtetan txapelketa irabaztera pasatu da Nafarroa. Egindako lanak emaitza hori eman du».
«Orokorrean, Euskal Herrian» herri kirolak nahiko egoera onean ikusten ditu, baina «kezka» puntu batekin: «Nafarroan nahiko osasuntsu daude herri kirolak, haurren taldeak badira eta berriak sortzen dira. Baina helduetan orain baino kirolari gehiago egon da. Ez dugu altxaferorik botatzeko motiborik». Apustuez galdetuta, berriz, zera dio: «apustuak ez ditut beharrezkoak ikusten, baina ez nago euren kontra. Jendeak gustura hartzen ditu, eta Nafarroan, aizkora adibidez, apustuengatik mantendu zen garai batean».
Nafarroan 12 dira jokatzen diren herri kirol modalitateak, baina Retegirentzat, «aizkora izan da eta da kirol erregea». Bertze herri kirol batzuen egoera bertzelakoa da: «batez ere larri dagoena sega da. Nafarroan segalari bakarra dago». Zera gaineratu digu: «sokatiran eta proba konbinatuetan ibiltzen diren herriz-herriko taldeak ere gero eta guttiago dira. Taldeko kirolak gehiago kostatzen dira. Eta Iparraldeko Jokoetan denetarik bada. Koxkor biltzen, jende dezente izaten da, baina ingude edo txingekin, juxtu ibiltzen gara».
Lehenxeago aipatutako Zazpi Herrialdeen Txapelketa izaten da urteko hitzorduetako bat, baina ez bakarra. Nafarroako Herri Kirol Federazioak Nafarroa mailan hogei txapelketetatik goiti antolatzen baititu urtean, baita Euskal Herri mailakoak ere. Haurrentzat Herri Kirol Jolasak antolatzen ditu, eta herriz-herri erakustaldiak: «herri dezente dira bestetan kirol saioa antolatzeko deitzen digutenak, eta kontent gaude». Herri kirolei buruzko zortzi argitalpen ere kaleratu dituzte, azkena Federazioaren 20. urteurrenaren harira egindakoa, berriki argitaratua.
Etorkizunari begira «egiteko aunitz» dagoela uste du: «herri kirolak gehiago bultzatu behar genituzke eta gure eginbeharreko garrantzitsuena ikastetxez-ikastetxe eta herriz-herri, herri kirola zabaltzeko lagun bat jartzea da. Nafarroa haundia da eta badugu non zabaldu». Gazteak herri kiroletara hurbiltzea ere gustatuko litzaoke. Herri ttikietan badagoela afizioa dio, herriko besta aunitzetan herri kirol probak antolatzen dituztelako bertako gazteek. Baina Retegiren irudiko, «gazte horiei kosta egiten zaie Federaziora hurbiltzea eta lehiaketetan parte hartzen animatzea. Gazte horien behar haundia somatzen dugu». Hori dena lortu ezean, herri kirolen sua itzaltzeko arriskuan ikusten baitu. Edonola ere, ez du etorkizuna «hain beltza» ere ikusten: «lanean segituz gero, herri kirolak plazetan ikusteko moduan egonen gara».
2012KO AURREKONTUA
150.000 euroko aurrekontua izanen du Nafarroako Herri Kirol Federazioak aurten. Eta hori nola bideratu? Bada, hiru zatitan antolatzen dute: %40a Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntza; bertze hainbertze edo gehiago Udalentzat erakustaldiak edo txapelketak antolatuta jasotakoa; eta azken zatia publizitate eta sarrerekin. Urtetik urtera, aurrekontua aldatzen da, antolatu beharreko txapelketen arabera.