Erreka elkarteak hamargarren urtez antolatutako Malerrekako eskuz binakako txapelketako finalak otsailaren 25ean jokatu ziren. Guztira 184 bikote aritu dira txapelketan.
Benjaminetan, Aldabideko (Arbizu) Igoa eta Mariñelarenak 18-10 irabazi zieten Orozkoko Iriondo eta Ibarrondori.
Alebinetan, Ilunpeko (Azpeitia) Egiguren eta Iriarte 18-14ko markagailuarekin nagusitu ziren Andoaingo Alberdi eta Usurbilgo Arangureneren kontra.
Infantiletan, Titin III.eko Marcos eta Lizarrako Anduagak 18-10 irabazi zieten Lazkaoko Zubizarreta eta Sestaoko Martitegiri.
Goizeko partiden ondotik, bazkari ederra izan zuten, 60 bat lagunekin. Bertzeak bertze, Miguel Pozueta Nafarroako Kirol Institutuko zuzendaria, Nafarroako Pilota Federaziorako presidente hautagaia izanen den Montxo Iriarte, Diario Vasco eta Elgetako txapelketak antolatzen dituen Juan Luis Ubera eta Gipuzkoako Pilota Federazioko presidente Patxi Jauregi izan ziren.
Arratsaldean jokatu ziren gainerako finalak. Kadeteetan, Errekako Bakaikoa eta Donibaneko (Iruñea) Arandiak 22-11 irabazi zieten Donibaneko Laso eta Martijari.
Jubeniletan, Uharteko Zamora eta Errekako Andueza 22-17ko emaitzarekin nagusitu ziren Tolosako Aurrera Saiaz taldeko Zelaia eta Iruretagoienaren kontra.
Bigarren mailako seniorren finalean, Ilunpeko Otamendi eta Aizpuruk 22-8 irabazi zieten Txarutako Unai Arraztoa eta Gure Txokoako Gorka Retegiri.
Elite mailako finalean, azkenik, Iñigo Diaz eta Txarutako Xabi Arraztoak 22-14 irabazi zuten Usurbilgo Santxo eta Altunaren kontra. Honela, Arraztoak bigarren urtez segidan irabazi du txapela, iazkoan Onsalorekin lortu baitzuen. Bi aldiz segidan Errekako txapelketa irabazi duen lehen pilotaria da iruritarra.
Sari banaketan, agintari eta laguntzaileez gain, Iker Arretxe eta Aritz Begino pilotari profesionalak izan ziren. Finaleko pilotari onenaren saria Iñigo Diazentzat izan zen. Josu Prim epaileari ere oroigarria eman zitzaion, Errekako txapelketan egindako lanagatik.
Errekako finalak
Errekako pilotarien arteko eskuz banakako txapelketaren finalak otsailaren 24an jokatu ziren Donezteben.
Benjaminetan, E mailako lehen multzoan, Oier Erkiziak 18-11 irabazi zion Oier Oiarzabali eta bigarren multzoan, Asier Arregi nagusitu zen, 18-13 Fabricio Balmelliri irabazita; D mailan, Enaitz Portuk 18-13 irabazi zion Ugaitz Aldaberi; C mailan, Mikel Mikelarenak 18-11 irabazi zion Joseba Telletxeari; B mailan, Ruben Saldias 18-13 nagusitu zen David Mitxeoren aurka. A mailan, Aimar Sarrateak 18-15 irabazi zion Mikel Bangori.
Alebinetan, Ibai Erasun 18-11 nagusitu zen Gaizka Agirreren kontra.
Infantiletan, Iker Salaberriak 18-4 irabazi zion Enaitz Telletxeari.
Kadeteetan, Beñat Etxekoloneak 18-16ko emaitzarekin irabazi zion Jabier Saldiasi.