Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideak dirulaguntzarik gabe utzi dituela ikusirik, Baztan-Bidasoaldean aritzen diren Xaloa Telebista, Xorroxin Irratia eta TTIPI-TTAPAk diru-sarrera alternatiboak bilatzeko erkarlana abiatu berri dute. Oraingoz, eskualdeko elkarteen laguntzarekin Mus Txapelketa antolatu nahi dute.
Aste Santua baino lehen, herriz herri mus txapelketak antolatu nahi dira eta finala, apirilaren 14an eginen litzateke. Hasiera batean ostatuetan egitea pentsatu bazen ere, azkenean, ahal den guztietan elkarteetan egitea hobetsi dute tokiko hiru hedabideek. Elkarte bakoitzak erabakiko luke noiz komeni zaion antolatzea. Hori bai, otsail hondarrerako jakinarazi beharko luke irratian, telebistan eta aldizkarian eginen den publizitate kanpainan aipatzeko.
Txapelketan parte hartzen duen bikote bakoitzak 20 euro ordaindu behar ditu. Printzipioz, hortik bilduko da Xaloa, Xorroxin eta TTIPI-TTAPA laguntzeko dirua. Eta herrietako sariak emateko bikote baten kuota (20 euro) elkartearentzat geldituko litzateke eta elkarte bakoitzaren esku utziko litzateke gero zer sari eman herriko txapeldunei. Finaleko sariak, ordea, antolakuntzak ordainduko lituzke. Erabat zehaztu gabe dago detailea, baina seguruenik, 200 euro ingurukoa izanen litzateke eta saski edo otorduekin osatua.
Aipatu bezala, Mus Txapelketaren kanpaina Xaloan, Xorroxinen eta TTIPI-TTAPAn eginen da. Hor aipatuko dira zein elkartek parte hartzen duten eta herri bakoitzean noiz jokatuko den lehia.