Senperen baldin bada auzo atseginik hori Urguri da, herriko plaza eta Ibarrun artean, hor direlakoz gure herriko tokirik zelaienak. Urgurin bada estimatua den Zamora familia, egun hauetan penan dena Ganizon, aita eta aitatxi zendu baita 88 urtetan. Ganizon Zamora zena 1924ko urtarrilaren 3an sortu zen Amaiurren, bere familia Senperetik Nafarrorat gan baitzen. Geroago Lapurdirat itzuli ziren eta Senperen ezagutu zuen bere andrea Graxi Sarasola urguritarra. Antzola baserriko nagusiak 1951ean esposatu ziren eta bi seme eta bi alaba izan dituzte, haur ttiki andana ere bai. Berriki, denak elgartu ziren Ganizon eta Graxiren diamantezko ezteiak ederki ospatzeko: 60 urteko maitasuna! Bere bizi osoan, Ganizon laborantzan aritu da azkarki egunez; eta gauaz urratsa zalu! Bere adineko mutiko frango bezala gaueko lanari lotu zen sos piska bat irabazteko. Adiskideekin umore onekoa eta familiarekin arras maitagarria izan da beti.
Senperetik Senpererat oroitzapen bilduman agertzen dira urguritar hunen hitzak aise baitzen harekin solas egitea eta irriz aritzea. Bere erranak eta oroitzapen goxoa ez dira galduko eta gainerat ez ditugu sekulan ahantziko. Ez adiorik Ganizon eta milesker!