Aitzineko egun horietan hil zitzaigun Damaxo Goiburukoa, eta horrek pentsarazi digu laborari mundua fini dela gure herrian, Zugarramurdin. Etxe bat bakarrik gelditzen da behi esnedunak dituena, eta hau ere, ez luzerako. Urdazubin ere, lau edo bortz baino ez dira gelditzen.
Ardiak dituztenak zerbait gehixeago dira, baina hor ere gutti. Laborantza lan nekagarria da, egunero segitu behar dena, ez dago ez iganderik ezta bakantzarik ere. Beraz, konprenitzekoa da jendeak bertze lanetan aritzea nahiago izatea.
Hala ere, bertze gisarat aipatzekoak ere badira: hortxe ditugu Etxelekuko bi gazte, Xabier eta Ana Mari anaia-arrebak, gurasoek sortutakoa aitzinera eramaten. Kuraiez beterik, beren artalde eta gasnategiarekin ilusione haundiarekin lanean ari dira, eta zorionez, lanaren uzta sarien bidez biltzen: azkenekoak gan den urtean Birminghanetik (Erresuma Batua) ekarritako hiru dominak dira.