Larreak erretzeko baimenak hilaren 16a baino lehen eskatu behar dira

TTIPI TTAPA 2012ko martxoaren 7a

Aitzineko astean, nahita sua emandako kasuak izan ziren. Horren adibide da argazki hau, Bertizaranako Oteixon mendian gertatua. Oronozko suhiltzaileek itzali behar izan zuten. TTIPI TTAPA

Apirilaren 15a izanen da erretzeko azken eguna

Asteak dira neguko basozaintza kanpaina abiatu zenetik, Nafa­rroako Gobernuak basoetan suteak prebeni­tzeko eta itzaltzeko egiten duen kanpaina hasi zela, alegia. Eta laster bukatuko da horretarako epea. Larreak erre­tzeko baimenak martxoaren 16ra arte eska daitezke eta erretzeko azken eguna apirilaren 15a izanen da.

Baimenduz gero, bertzeak bertze, hainbat baldintza bete behar dira. Alde batetik, larreak erre behar diren egunean, hurbilen dauden suhiltzaileen parkera deitu behar da, toki horretan erretzea baimendua dagoen ala ez baieztatzeko eta zehazki non erreko den adieraziz. Horrez gain, landareak bakarrik erre daitezke, eta erreka, kuneta eta sakabanatutako zuhaitzetan ezin da erre­.

Ordutegia ere aipa­tzekoa da, erreketa ezin delako 09:00 baino lehen egin eta 17:00etara bukatua egon behar delako. Eta erretzeko momentuan, guttienez bortz lagunek hor egon behar dute sua erabat itzali bitarte.

Basoak erretzeko baimena eskatzea ezinbertzekoa bada ere, orain­dik ere baimenik gabe larrei su ematen dietenak badira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun