Giro ederrean joan dira inauteriak

Irune eta Itsaso 2012ko martxoaren 7a

Ortzegun Gizen egunaren ondotik, eskearen txanda etorri zen eta bukatzeko mozorro besta. Jabier Iriarte, Garbiñe Maia eta Irune Elizagoien

Eguraldi hotzak ez du umore ona alde batera utzi

Hotz egiten bazuen ere, herritarrak ez ziren karrikara ateratzeko beldur izan. Ortzegun gizenarekin hasi ziren inauteriak. Landangain eskolako neska-mutikoek he­rrian barna an­tzerkiak egin zituzten eta ondotik, musikarekin lagunduta, berendua izan zuten fron­toian.

Igandearekin, kinto baz­kariak izan ziren eta honen harira, giro­ polita sortu zen herrian.

Astelehenean, inaute-inaute baserriz base­rriko eskea izan zen. Bi auzotan banatuta, 55 lagun inguru ibili ziren eskean gauera arte.

Asteartean, berriz, mozorro eta karrozek herriari itzulia eman zioten eguerdian. Denetarik ikusi ahal izan zen plaza eskinean: pailazoak, ma­muak, okupak, txirrindu­lariak, futbolariak, base­rritarrak… Karroza saila ere bazegoen; rally-arena, pin­txoena, Asiako liztor bel­tzarena (erle eta suhil­tzaileekin), mendi barbakoarena, mamu ha­rrapariena, sukaldariena... Ondotik, He­rriko Ostatuan bazkaria izan zen. Larraburuan ere egin zen bazkaria. 33 lagun inguru bildu ziren eta bazkal ondotik Beñat akordeoilariarekin giro ederrean dan­tzan aritu ziren.

Arratsal­dean, Beñaten akordeoi doi­nuek lagunduta, taloak izan ziren Herriko Etxe azpian. Lehenengo urtez antolatu da taloen afera hau eta ikaraga­rrizko arra­kasta izan zuen.

Orain, urtebetez esperoan egon beharko dugu berriz ere egun hauek ailegatzeko!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun