«XIII. mendean Inkisiziotik ihesian etorritako kataroak ziren agoteak

Aitor AROTZENA 2012ko martxoaren 7a

Kepa Olaizola Donibane Lohizuneko portuan. Gibelean Ziburu ageri da, agoteen kabi. Utzitako argazkia

«Esaldi bat: froga bat». Hori da ama etxalartarra eta aita oiartzuarra zuen hendaiar honen lan moldea. Eta sistema hori erabiliz egindako lana argitaratu zuen duela bi urte Agote secreto revelado liburua. Agoteak zein ziren, nondik etorri ziren eta zein bizimodu eraman zuten argitu duela dio, inolako zalantzarik gabe. «Bi urteotan ez dit historiatzaile bakar batek ere zuzendu edo gezurtatu», aipatu digu. Apirilaren 13an, solasaldia eskainiko du Elizondoko Arizkunenean, 19:30etik aitzinera.

 

Agoteei inguruan dagoen misterio guztia argitu duzula diozu…

Orain artean agoteei buruz idatzi dena eleberriak dira. Jende diskriminatua eta umiliatua izan zela badakigu, baina inork ez du datu garbirik eman. Ni ikertzen hasi nintzen eta liburua argitaratu nuen duela bi urte.

Eta zein ziren bada agoteak?

1209an albigense edo kataroen kontrako gurutzada hasi zen. Urte horretako uztailaren 22an eta 23an 10.000 pertsona hil zituzten. Gurutzada horretatik eta Inkisiziotik ihesian Akitaniara, Nafarroara, Euskadira, Aragoira joandako kataroak dira agoteak, exodo handi bat izan zen. Ulergarria da. 207 kataro erre zituzten 1244an Montsegurren, ikaragarria izan zen eta horretatik ere ihesean joan ziren. Ekialdetik Mendebaldera, Languedocetik Akitania aldera, Akitania lurralde ingele­sa zelako orduan, eta han ez zegoen ez guru­tzadarik ezta Inkisiziorik ere, bertan babesa topatu zuten. Hori baieztatu dezaket probak ditudalako eta liburuan ageri dira. Esaldi bat, froga bat. Hori da neretzako historia eta horrela lan egiten dut, beharbada urtetan injeniari elektromekanikoa izan naizelako. Bi urte badira liburua argitaratu nuela eta ez dut gezurtapen bakarrik ere jaso.

Baina gai honen inguruan hainbat teoria, artikulu, liburu… daude. Zergatik diozu zurea dela zuzena?

Kataroen pista segitu nuen, pista zuzena. Kataroen eremuan, Toulousetik Montsegurrera, bada Agout izeneko ibaia, baina XIII. mendean okzitaneraz solasten zuten eta hizkuntz horretan Agot erraten da. Horra agote hitzaren jatorria. Orain arteko agoteei buruzko liburu eta artikulu guztiak berdin bukatzen dira: ez dakigu. Baina nik sekretua azaleratu dut, egia topatu dut, egiazki historia argitu dut frogekin eta frogekin.

Eritasunak zituztela zioten, marginatuak bizi ziren… Hori dena egia da?

Legena edo lepra zutela erraten zen, baina hori gezur handia da. Inoiz ez zuten izan eta hori ere frogatzen dut, denak garbiak ziren. 1960 eta 1977 urteen artean ere Bozaten ikerketa egin zuen Mª Carmen Aguirre Delclaux medikuak eta agoteek osasun ona zutela erakutsi zuen. Ez ziren bertze arraza batekoak, eta denak ez ziren ilehoriak eta begi urdinak. Denetarik bazen. Baina bai, marjinatuak bizi ziren batez ere Akitanian eta Nafarroan legenaren gezur hori zabaldu zelako, ez ordea Aragoi edo Gipuzkoan. Gainera, girixtinoak izanagatik, San Juanen Biblia segitzen zuten eta hori arriskutsua zen Aita Sainduarendako. Kataroen erlijione hori ez berpizteko legena zutela zabaldu zen. Gezurra.

Eskulangile onak ere zirela aipatzen da. Zergatik?

Ustez legena zutelako ez zieten uzten lurra lantzen edo aziendak hazten, jendea beldur zelako. Zura eta harriaren bitartez legena ez zela kutsatzen uste baitzen, harria eta zu­ra lantzera behartuak izan ziren eta hargin eta zurgin bikainak izan ziren. Mendez mende elizak, zubiak eta itsason­tziak agoteek egin zituzten. Baina exodoaren garaian denak ez ziren jende xumeak, baziren pobreak, baziren eskulangileak, baziren burgesak, baina baita zaldunak ere. Ziburun, Jean de Montsegur agotea Espainiako Karlos V.aren armada osoaren kapitain izan zen. Bertze agote batek, Jean de Mallocq-ek sortu zituen Cauteretseko bainuak. Hauek ez zuten legenik! Jende xeheak bai, baina zaldunek ez.


ITZULPENA

«Jendea 1000. urteko Bearneko Kartularioaz aritzen da baina nik bakarrik itzuli dut latinetik frantsesera. Donazio-agiri bat bertzerik ez da, ez du agoteekin inolako lotutarik. Testuan Christianus hitza ageri dela ikusi eta agoteekin lotu zuen historiatzaile batek. Izen arrunt bat bertzerik ez da, baina hori erran eta bertzeek errepikatu, azkenean agoteei buruzko tontakeria pila bat agertzen dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun