Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna da eta hori dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dira eskualdean. Horietako batzuk dagoeneko egin dira, baina heldu den astelehena arte izanen da zer egin eta zer ikusi.
Bortziriak
Bortzirietan Kontziliazio eta Berdintasun Itunaren bidez, martxoaren 11n, igande arratsaldeko 18:00etan Bertsolari dokumentala eskainiko da Berako Kultur Etxean. Biharamunean, Emakumearen ikuspegia bertsolaritzan izanen da aztergai, astelehen arratsaldekko 17:30ean Lesakako liburutegian, Uxue Alberdi Estibaritz bertsolariaren eskutik. Bi egunetan haur txoko zerbitzua eskainiko da eta izena emateko948 635036ra deitu.
Horrez gain, martxoaren 11n mendi ateraldia eginen dute bortz herrietako emakumezkoek Mendaur mendira. Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, Bortzirietan mendi irteera antolatzen den hirugarren aldia da: lehendabizikoan Igantzitik Unanura, eta Bianditzen barna Aritxulora joan ziren eta berriz itzuli ziren Igantzira; bigarrenean, beratarrek Labiagara antolatu zuten eta aurten aranztarrek hartu dute lekukoa. Hala, igande honetan, 09:00etan aparkalekutik abiatu eta Mendaurrera joanen dira. Gero Aterpen bazkalduko dute.
Berako Kaxerna gaztetxean ere aste osoan egiten ari dira ekitaldiak Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta. Martxoaren 2an Etiketadun kateak hautsiz antzezlana ikusteko aukera izan zen, biharamunean mural margoketa egin zen; astearte honetan, martxoak 6, Zoru pelbikoa izenburupean hitzaldia eginen da 19:30ean, eta ortzegunean, hilak 8, Prohibido recordar Saturrarango emakumeen kartzelari buruzko dokumentala ikusgai izanen da, 19:00etan gaztetxean. Eta ondotik, luntxa.
Hortaz aparte, herriz herri ere izanen dira ekitaldiak. Arantzan, adibidez, kalejira eginen da herrian barna martxoaren 9an. Berako Toki-Ona kiroldegiak, bere aldetik, Emakumearen Astea dela-eta, martxoaren 5etik 11ra gimnasioa doan probatzeko aukera eskaintzen die emakumeei. Informazio gehiago 948 630215 telefonoan.
Baztan
Baztanen ere izanen dira ekitaldiak. Gaztetxearen ekimenez, Emakumearen Egunean, ortzegun honetan, Nahaste borrastri antzezlana ikusteko aukera izanen da, 19:00etan Elizondoko gaztetxean.
Ortziralean, martxoak 9, Ikusezina ikusiaraziz: neska edo mutila izatearen ondorioa izenburupean eztabaida izanen da, 18:00etatik 21:00etara, hau ere gaztetxean.
Larunbatean, azkenik, 19:00etan kalejira abiatuko da eta 21:00etan afaria eginen da gaztetxean, 10 euroren truke. Eguna akitzeko, 23:00etan AFUren kontzertua izanen da, bertzeak bertze.
Bertzetik, Eguzkilore Emakume Elkartearen ekimenez, martxoaren 7an, Criadas y señoras pelikularen emanaldia izanen da 18:30ean, Elizondoko San Francisco Javier ikastetxean. Ondotik, Bidelagun Elkartearen egoitzan, merendu-afaria eginen da.
Leitzaldea
Leitzaldean, berriz, nabarmentzekoa da Arano, Areso, Goizuetako emakumeen formakuntza beharrak ezagutzeko, kanpaina paratu duela martxan Emakume Batzorde sortu berriak.
Malerreka
Herriz herri eginen dira beharbada Emakumearen Egunaren seinaleak. Zubietan, erraterako, larunbatean afaria izanen dute.