Nafarroako Larrialdi Zerbitzuetako suhiltzaileek hainbat sute itzali behar izan zituzten martxoaren 2an, ortziralean, horietatik aunitz eskualdean eta sasiei su eman eta eskapatuta gertatutakoak. Horregatik, horrelako suak pizterakoan arduratsu jokatzeko deia egin du Nafarroako Gobernuak eta aitzinetik abisua emateko.
Zehazki, Donamarian, Urdazubin, Donezteben, Legasan eta Iruritan izan ziren maila ttikiko suteak, landaredia erre zutenak, baina ez zuhaiztiak. Halere, Oronozko suhiltzaileak eta inguruko herrietako suhiltzaile boluntarioak mugiarazi ziren. Nafarroako Gobernuko helikopteroa ere inguruan izan zen, sute berriak detektatzeko eta sua hedatu baino lehen, lehenbailehen bertaratzeko.
Otsailaren 28an, Bertizaranako Oteixon inguruan sute handiagoa izan zen eta 3,9 Hektarea erre ziren, suhiltzaileek itzali baino lehen.