EuskAlema elkarteak argitaratu berri duen olerki bilduma, Senpereko Larraldean, ''Maite ditugun olerkariak'' sailaren babesapean, martxoaren 9an, ortziral arratsaldeko 17:30ean, lehen aldikotz, aurkeztua izanen da.
Liburuak, bi olerkari garaikide handi eta garrantzitsu, Gabriel Aresti eta Bertolt Brecht jarri ditu elgarren ondoan.
Bertold Brechten zenbait olerki lehenago izan ziren euskaratuak, eta honen itzulpen "historiko" batzuk, jakina, hainbat euskal musikarik (Mikel Laboa, Imanol eta abarrek) erabili dituzte: horiek ere, aztertu eta argitaratuak dira liburu honetan. Gabriel Arestiren gehienak, orain arte alemaneratu gabe zeudenak ere agertzen dira liburuan.
EuskAlema Elkartea, euskararen eta alemanaren arteko harremanak sustatzeko sortu zen duela lau bat urte, betiere harreman zuzenak bultzatu nahian. Beren helburuak lortzeko mintegiak, itzulpen-lantegiak, hitzaldiak, jardunaldiak, irakurraldiak, etab. antolatu dituzte orain arte. EuskAlema Elkarteko kideak euskaraz dakiten aleman hiztunak dira edota alemanez dakiten Euskal Herrikoak. Itzultzaileek eta hizkuntza irakasleek, idazleek eta musikariek, unibertsitateko irakasleek eta bestelako lanbideetakoek osatzen dute EuskAlema.
Larraldean aurkeztua izanen den ''Brecht-Aresti. Poema hautatuak-Ausgewählte Gedichte'' argitalpen hau beren azken lana da.