Joan den ortzegunean, otsailaren 23an Belateko tunela kez bete zuen kamioiaren gidaria atxilotu du Foruzaingoak eta bide segurtasunaren aurkako delitua egotzi dio 64 urteko murtziarrari. Hiru orduz itxi behar izan zuten tunela eta bi ibilgailuren arteko istripua eragin zuen keak.
Otsailaren 23ko 14:50 aldera, lanetik kanpo zeuden foruzainek N-121-A errepidean Frantziarako bidean zihoan kamioiak ke zuri aunitz botatzen zuela ikusi zuten, errepide horretan zebiltzan gainerako ibilgailuak inguratuz.
Ikusmena hutsaren parekoa zenez, arrisku handia eragin zuen eta bi ibigailuk elkar jo zuten. Foruzainek kamioia Belateko tunelean sartu zela ikusi zuten eta horrek arriskua handitu zuela. Horregatik, tunela itxi behar izan zuten 15:10etik 18:30era eta bertara hurbildu ziren Iruñeko eta Oronozko suhiltzaileak.
Foruzainek gasolindegi batean atzeman zuten kamioi gidaria, matxura konpontzen saiatzen ari zela. Behin identifikatu ondotik, tunelaren barrenean sartu arte ez zela kamioiak kea botatzen zuela ohartu adierazi zuen gidariak eta horregatik gelditu zela. Lehen ikerketen ondotik, foruzainek gidaria atxilotu eta epailearen esku utzi du.