Munduko Sokatira Txapelketa jokatu da Perth-en (Eskozia). Gizonezkoen 560 kiloko txapelketan Amaiurrek hirugarren posturako lehia jokatu zuen Txina-Taiperen aurka, eta aise irabazi zizkion bi tiraldiak. Honela, Amaiurrek brontzezko domina lortu zuen. Abadiñok zilarrezko domina kolkoratu zuen, finalean Country Club (Ipar Irlanda) taldearen aurka bi tiraldiak galdu ondoren.
Ortziralean, 600 kiloko kategorian, Amaiurrek ez zuen finalerdietarako sailkatzerik lortu.
600 kiloko txapelketa mistoan, aldiz, podiumeko hiru koxkak euskal ordezkariek bete zituzten. Talde mistoak lau emakumezko eta bertze horrenbertze gizonezkorekin osaturiko taldeak dira. Lau taldek eman zuten lehian aritzeko izena, eta tartean, Ibarrak (Ibarra, Gipuzkoa), Badaiotz-Abadiñok (Gasteiz, Araba-Abadiño, Bizkaia) eta Sakana-Amaiur (Arbizu eta Amaiur, Nafarroa). Ligaska jokatu zuten, eta Ibarrako zortzikoak jantzi zuen txapela; Badaiotz-Abadiño izan zen txapeldunordea eta Sakana-Amaiur hirugarren.
Emakumezkoen 540 kiloko txapelketan Badaiotzek (Gasteiz, Araba) zilarrezko domina kolkoratu zuen eta 600 kilokoan, berriz, urrezkoa.