‘Sahara sahararrentzat’ dela aldarrikatu da Sunbillan eta Elizondon

TTIPI TTAPA 2012ko ots. 27a, 10:28

Igande eguerdian elkarretaratzea egin zuen Saharaztanek Elizondoko plazan. Pello San Millan

Saharaztanek antolatuta, errepublikaren aldarrikapenaren 35. urteurrena gogoratu zen ortziraleko bestan eta igandeko elkarretaratzean

Otsailaren 27a Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapen eguna da. Duela 35 urte aldarrikatu zuen saharar herriak errepublika, 1976ko otsailaren 26an Espainiako azken soldadua Saharatik atera eta hurrengo egunean, hain zuzen. Eta hori modu berezian gogoratu nahi izan du Saharaztan taldeak.

Otsailaren 27a Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapen eguna da. Duela 35 urte aldarrikatu zuen saharar herriak errepublika, 1976ko otsailaren 26an Espainiako azken soldadua Saharatik atera eta hurrengo egunean, hain zuzen. Eta hori modu berezian gogoratu nahi izan du Saharaztan taldeak.

Otsailaren 24a, ortziral arratsaldean, ospakizuna egin zen Sunbillan Sahara sahararrentzat lelopean.

Arratsaldean haurrendako jokoak izan ziren frontoian eta ondotik elkarretaratzea egin zen plazan Sahara sahararrentzat lelopean. Gero, “Sahara okupatura brigada” izenburupean hitzaldia eskaini zuten Erratzuko gazteek eta ospakizun eta oroitzapen eguna akitzeko afaria izan zen eta saharar erara egindako couscousa dastatzeko aukera izan zen.

Otsailaren 26an, igande eguerdian, Elizondoko plazan elkarretaratzea egin zen Saharaztanek deituta, hau ere “Sahara Sahararrentzat” izenburupean. Saharar herriaren borroka gogoratu zuen idatzi bat ere irakarri zuten Saharaztanekoek.

 

Idatzia

 

 

Espainiar estatuko lotsaren urteurrena

Hainbeste urte pasa direnean, heldu denarekin 36, estatuko agintariek emandako hitza nola jaten duten ikusteak hori pizten digu, ez gutxiago: lotsa.

Lotsa-emangarria baita Espainia estatuaren menpe egon zen herri bat jasan duen bazterketaren aitzineko ezaxola sumatzea. Lotsa-emangarria da herri horren lurraldearekin erabiltzen duzuen jolas modua konprobatzea.

Sahara Espainiako kolonia izan zen, horrek duen esanahi osoarekin. Espainiarra izendatu zuten, “patriaren” zatia, frankistei komenigarria iruditu zitzaienean. Sahararren hobe beharrez ustiatu zuten eta, gero, Marokoaren hatzaparretan utzi ondoren, “esku garbiketarena” itxuratzen duzue.

Ardura zuena da. Espainiak du, nazioarteko legearen araberako agintaritza. Baino aldiro, gobernuaren aldaketa gauzatzen den bakoitzean, antzerki lan berbera plazaratzen duzue: esandakoa atzendu, bereiz utzi eta huskeria bihurtu.

Ez Nazio Batuen aurrean, are gutxiago Marokoaren aitzinean, ez duzue inolaz ere sahararren eskubideak babesteko dagokizuen egin beharra betetzen. Arrantza, fosfatoak, barazkiak eta Ipar Afrikako hiri-koloniak... edota, hobe esana, “espainiar” enpresarien interesak duzue buruan. Hori da zuen benetako kezka, hitz potoloen artean ezkutaturik.

Zuen lorpenez gero eta mehegoak, ahulagoak diren gu herritar xumeen bizkar gelditu da sahararren biziraupena, jatekoa, sendatzekoa... nahitaezkoa duten gutxienezko laguntza.

Konpromisoa hartu dugu eta jarraitzeko prest gaude. Gurea beteko dugu baino, agian, holako batean, zuei kontuak eskatzeko indarra bilduko dugu. Gaur, 1976ez geroztik 36 urte pasiak, 2012 otsailaren 27rako ez diguzue beste altxorrik eman. Lotsa eta haserrearen pilaketa.

Beste behin, berriro ere, lelo bakarra: Sahara saharrarentzat!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun