Zabalik dago Iparraldeko helduen kantu xapelketan izena emateko epea

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 23a

Euskal Irratiak federazioaren laguntzarekin, helduen kantu xapelketa antolatu du Euskal Kantu Xapelketa elkarteak Iparraldean. Gisa honetara, kantari be­rrien talentua ezagutara­zi eta plazaratu nahi da, ohitura eta euskal kan­tuaren memoria man­tendu eta musikagileak sustatu eta sorkuntza bultzatu ere bai.

Ekainean eginen den Euskal Herri mailako finalerako ordezkariak aukeratuko dira, eta ho­rretarako Iparraldean kanporaketak jokatuko dira. Martxoaren 17a iza­nen da izena emateko azken eguna: Baxe Nafarroan Irulegiko irra­tirat deitu behar da izena emateko (05 59 37 14 11-Jone), Lapurdin Gure irratirat (05 59 59 30 01-Miren) eta Xiberoan Xiberoko Botzarat (05 59 28 29 87-Artzen). Izena ematerakoan aukeratutako kantua zein den ere jakinarazi beharko da.

Diskarik plazaratu ez duten 16 urtetik goitikoek parte hartzen ahalko dute, eta hiru katego­ria izanen dira: banaka, binaka edo taldeka (15 kide gehienik). Musikarik gabe edo musikarekin lagunduta aurkez daiteke, kanta ezagunarekin edo norberak sortutako batekin.

Finalerdi bakoitzean publikoaren sariaz gain­, maila bakoitzeko bi lehenbizikoak izanen dira­ sarituak, eta hortaz aparte, bertzelako sa­riak ere izanen dira: ahots hutse­ko saria, sorkuntza saria­, publikoarena, interpreta­zio onenaren saria, bere­zitasunarena eta musika­ antolaketa onenarena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun