Egitasmo berriak darabilzki esku artean Arkupeak jubilatu, pentsionista eta alargunen elkarteak eta horietako bat helduentzako unibertsitatea abian paratzea da. Helburu horrekin, Agoitzen dagoen Francisco Indurain Unibertsitatearekin harremanetan jarri da zuzendaritza batzordea eta urritik aitzinera Doneztebeko Arkupeak-en egoitzan gai andana lantzeko asmoa dute: artea, filosofia, hizkuntzak, teknologia berriak, psikologia, zuzenbidea, historia, ekonomia... Matrikulatzeko ez da aitzineko ikasketarik beharko. Baldintza bakarra 55 urte baino gehiago izatea da, nahiz eta, 18-54 urte bitartekoentzat ere izanen diren toki batzuk libre.
Hortaz aparte, heldu diren hilabeteetako ekintzak ere zehaztu ditu Arkupeak elkarteak. Eta horien berri, hirugarren boletin informatiboaren bidez eman du.
Hitzaldiak
Zuzendaritza Batzordearen asmo nagusi bat bazkide guztiei oinarrizko prestakuntza eskaintzea da eta hala, ikastaroak eta hitzaldiak antolatu dira.
Martxoaren 7an, jubilazioen eta pentsioen gaur egungo egoeraren inguruan hitzaldia izanen da Doneztebeko Arkupeak-en egoitzan, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionaleko buru den Julian Sainz eta Informazio zuzendariordea den Francisco Calvorekin. 19:00etan izanen da. Hitzaldi bera, maiatzean Leitzan eginen da.
Maiatzaren 13an Beran eta 14an Elizondon, bizi-testamentua, heriotza duina eta borondate aurreratua izenburupean hitzaldia eskainiko du Koldo Martinez medikuak, bi tokietan 17:30ean.
Ikastaroak
Informatika hastapenerako ikastaroa Gurutze Gorriak eskainiko du eta Nafarroako Gobernuak finantzatutako bertze informatika ikastarorik egin ez dutenentzat dohainik izanen da. 55 urtetik goitiko gizonezkoek eta emakumezkoek izanen dute sarrera dohainik. Bi astez 25 orduko ikastaroa izanen da, astelehenetik ortziralera.
Olio-pintura ikastaroa Diana Iniesta margolariak eskainiko du. Matrikula dohainik izanen da eta materialagatik 15 euro ordaindu beharko dira. Astean hiru aldiz eta goizez izanen da, hilabete batez.
Frantsesa ikasteko aukera ere eskaini nahi du Arkupeak elkarteak. Horretarako, ordea, guttienez bortz eta gehienez 15 laguneko taldea osatu beharko da. Astean bi orduz ariko dira. 5-9 lagun apuntatuz gero, prezioa 30 euro izanen da eta 10-15 lagunekin 20 eurokoa.
Kasu guztietan, izena emateko otsailaren 29a baino lehen Arkupeak-era (948 450878) deitu beharko da, 09:30etik 12:30era.
Bidaiak
Ateraldiak ere zehaztu dituzte jubilatuen elkartean. Eginen den hurrengo irteera Xabierraldira izanen da, martxoaren 5ean. Martxoaren 28an, berriz, Olitera joanen dira.
Apirilaren 11n Ordiziko merkatura joanen dira. Izen-ematea martxoaren 20, 21 eta 22an egin beharko da herri bakoitzeko ordezkariei erranez. Biharamunean, 12an, Soinketa Eguna eginen da Berako kiroldegian. Izen-ematea martxoaren 26tik 28ra egin beharko da herri bakoitzeko ordezkariekin. Apirilaren 17tik 25era Andaluzia aldera joanen dira, Cadiz, Herri Txuriak eta Sevilla bisitatuko dituzte. Izen-ematea otsailaren 27tik 29ra egin behar da, 948 450878 telefonoan.
Maiatzeko lehenbiziko irteera Lourdesera eginen dute, hilaren 2an. Apirilaren 16tik 18ra bitarte apuntatu beharko da herrietako ordezkariei erranez. Maiatzaren 14tik 26ra, berriz, Benidorm bisitatuko dute. Martxoaren 26tik 28ra eman beharko da izena, 948 450878ra deituta. Maiatzaren 30ean, azkenik, Larun mendira eta Sara eta Urdazubiko leizeak ikustera joanen dira Arkupeak-ekoak. Maiatzaren 7tik 9ra bitarte eman beharko da izena, herrietako ordezkariei jakinaraziz.
Hortik aitzinerako ekintzen berri eguna hurbildu ahala emanen da. Dena den, aipatu, Mendi Taldea ere irteerak egiten ari dela.