Erreka elkarteak hamargarren urtez antolatutako Malerrekako eskuz binakako txapelketako finalak otsailaren 25ean jokatu ziren, giro ederrean. Guzira 184 bikote aritu dira txapelketa honetan.
Larunbat goizean, benjaminetan, Aldabideko Igoa eta Mariñelarenak 18 eta 10 irabazi zieten Orozkoko Iriondo eta Ibarrondori. Alebinetan, Ilunpeko Egiguren eta Iriartek 18eta 14 irabazi zieten Andoaingo Alberdi eta Usurbilgo Aranguren-i eta infantiletan, Titin III.eko Marcos eta Lizarrako Anduagak 18 eta 10 irabazi zieten Lazkaoko Zubizarreta eta Sestaoko Martitegiri.
Goizeko partiden ondotik, bazkari ederra izan zuten Santamarian, 60 bat lagunekin. Bertzeak bertze, Miguel Pozueta Nafarroako Kirol Institutuko zuzendaria, Nafarroako Pilota Federaziorako presidente hautagai izanen den Montxo Iriarte, Diario Vasco eta Elgetako txapelketak antolatzen dituen Juan Luis Ubera, Gipuzkoako Pilota Federazioko presidente Patxi Jauregi, Miguel San Miguel Doneztebeko alkatea eta bertze hainbat izan ziren.
Arratsaldean jokatu ziren maila nagusietako finalak. Kadetetan, Errekako Bakaikoa eta Donibaneko Arandiak 22 eta 11 irabazi zieten Donibaneko Laso eta Martijari. Jubeniletan, Huarteko Zamora eta Errekako Anduezak 22 eta 17 irabazi zieten Aurrera Saiazeko Zelaia eta Iruretagoienari; bigarren mailako seniorren finalean, Ilunpeko Otamendi eta Aizpuruk 22 eta 8 irabazi zieten Txarutako Unai Arraztoa eta Gure Txokoako Gorka Retegiri eta elite mailakoan, azkenik, Iñigo Diaz eta Tzarutako Xabi Arraztoak, 22 eta 14 irabazi zieten Usurbilgo Santxo eta Altunaren kontra. Honela, Arraztoak bigarren urtez segidan irabazi du txapela, iazkoan Onsalorekin batera lortu baitzuen. Bi aldiz segidan Errekako txapelketa irabazi duen lehen pilotaria da iruritarra.
Sari banaketan izan ziren, bertze hainbat agintari eta laguntzailerekin batera, Iker Arretxe eta Aritz Begino pilotari profesionalak. Finaleko pilotari onenaren saria Iñigo Diazentzat izan zen. Josu Prim epaileari ere oroigarria eman zitzaion, Errekako txapelketan egin duen lanarengatik.
Errekako eskuz banakako finalak ortziral arratsaldean
Bertze aldetik, Errekako pilotarien artean jokatu den eskuz banakako txapelketaren finalak otsailaren 24an, ortziral arratsaldeanjokatu ziren Doneztebeko udal pilotalekuan. Benjamin E mailako lehen multzoan, Oier Erkiziak 18 eta 11 irabazi zion Oier Oiarzabali eta bigarren multzoan, Asier Arregik 18 eta 13 irabazi zion Fabricio Balmelliri; benjamin D mailan, Enaitz Portuk 18 eta 13 irabazi zion Ugaitz Aldaberi; benjamin C mailan Mikel Mikelarenak 18 eta 11 irabazi zion Joseba Telletxeari; benjamin B mailan, Ruben Saldiasek 18 eta 13 irabazi zion David Mitxeori; benjamin A mailan, Aimar Sarrateak 18 eta 15 irabazi zion Mikel Bangori; alebinetan, Ibai Erasunek 18 eta 11 irabazi zion Gaizka Agirreri; infantiletan Iker Salaberriak 18 eta 4 irabazi zion Enaitz Telletxeari eta kadetetan, Beñat Etxekoloneak 18 eta 16 irabazi zion Javier Saldias-i.