Igandeko kinto besten eta asteleheneko gazteen baserrietako eskearen ondotik, asteartean karrozen desfile ikusgarria izan zen Etxalarren.
Denetarik ikusi ahal izan zen Etxalarko plazan. De Lujo ostatuko sukaldariek eskainitako janari goxoekin hasi, Etxalarko Kukutza okupatzen zuten punkiekin segitu… auto eta moto karrerak ere ikusi ahal izan ziren, nahiz eta motorrekin arazo franko izan. Horieri kontra egiteko edo, Gorosurreta eta Apezborron rallyrik ez zioen karroza ere agertu da. Edo Pirritx , Porrotx eta Marimotots pailazoak. Pinu baten gainean, Asiako liztorraren kabia ageri zen eta haren azpian, liztorrak edo erleak, garbi ezin jakin, nahiz eta tamaina ederrekoak izan. Beharrik ondoko karrozan suhiltzaileak ere bazirela, kabia kentzeko nahiz sua itzaltzeko prest. Cazafantasmas taldea ere agertu da, baita mendiko barbakoa egiten ari zen taldea ere. Denak, Etxalarko trikitilariek (edo futbol taldekoek) alaitutako musikarekin ibili dira kalejiran.
Giro ederrean bukatu dira inauteriak Etxalarren.